Sakanako Ibilaldia aurkeztu dute

Guaixe 2018ko api. 19a, 16:10

Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatuta, apirilaren 28an izanen da. 29. edizioa izanen da. Izena ematea zabalik dago eta hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute parte-hartzaileek. Bertan aritzera animatu dituzte sakandarrak

Hurrengo astean, apirilaren 28an, mendizaleek zita garrantzitsua dute. Iratxo elkarteak hainbat entitateren eta babesleren laguntzarekin 29. Sakanako Ibilaldia antolatu du eta data horri begira dabiltza gure mendizaleak. Gaur, ostegunean, aurkeztu dute 29. Sakanako Ibilaldia, Irurtzunen. Iratxo elkarteko mendi sekzioko presidente Pello Altzueta, Nafarroako Mendi Federazioko presidente Martin Montañes, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñi eta Rural Kutxako Irurtzungo bulegoko arduradun Sara Garcia izan dira bertan, besteak beste.

Sakanako Ibilaldia proba ez lehiakorra da; “lehiatzeko, horretarako daude mendi lasterketak” argi utzi du antolakuntzak. Hortaz, ez da sailkapenik egiten. Helburua Sakanako paisaia eta mendi zoragarriez gozatzea da. Azken urteetan bezala, mendizaleek hiru ibilbide izanen dituzte aukeran: Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela), Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440 m desnibela) eta Ibilbide Txikia (14 km, 736 m desnibela).Sakanako Ibilaldia Nafarroako eta Euskal Herriko Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituetan sartua dago.

Ibilbide Luzean eta etxeko txikiekin batera egiteko Ibilbide Txikian ez dago aldaketarik; bai, aldiz, Ibilbide Motzean. “Aldaketa egitea erabaki zen, besterik gabe ibilbidean berrikuntzaren bat sartzeko” azaldu du Pello Altzuetak.

Sakanako Ibilaldia, “klasikoa”


Sakanako Ibilaldia Nafarroako mendi ibilbide zaharrena da, eta nahiz eta gaur egun ibilaldi eskaintza zabala egon, Sakanako Ibilaldiak badu zerbait, ez du behera egiten. Antolakuntza ona, batetik, eta mendi martxaren ibilbidea bera, bestetik, gakoak dira mendizaleak erakartzerakoan. Eta Irurtzungoa, Sakanako Ibilaldia, mendi martxak gustuko dutenendako klasikoa bilakatu da, mendizale askok euren egutegian gorriz markatuta dutena.



Ia 400 mendizale izena emanda


Aurreko urtean 1.203 mendizalek hartu zuten parte Sakanako Ibilaldian, 586 mendizalek Ibilaldi Handian, 427 partaidek Ibilaldi Motzean eta 190 mendizalek Ibilaldi Txikian. Aurten antzeko kopurua hartzeko nahikoa azpiegitura du prest Iratxo taldeak. Momentuz 400 mendizale inguru daude izena emanda. “Eguna gerturatu ahala mugituko da izena ematea, iragartzen duten eguraldiaren arabera. Probaren egunean bertan oraindik izena eman daitekeenez…” aipatu du Altzuetak. 

Nolanahi ere, lehenbailehen izena ematera animatu ditu sakandarrak. “Mendizaleak etortzera animatu nahi ditugu, egun bikaina pasatzera animatu daitezela. Paisaia eta ibilbide zoragarrietatik ibiltzeko aukera izango dute” gaineratu du.

Mendizaletasunaren festa honetan, egun ederra pasatu eta gure paisaia zoragarriekin gozatzeaz aparte, ingurumena zaintzeari sekulako garrantzia ematen dio antolakuntzak. Bitarteko guztiak jarriko dituzte zaborrak behar bezala jasotzeko, eta horiek erabili eta gure ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartaraziko dituzte mendizaleak. Azkeneko mendizalearen atzetik ibilbideko seinaleak bildu eta guztia txukun uzten duten pertsonak joanen dira.

50-60 boluntario
Guztia behar bezala prestatzeko, 50-60 pertsona inguru ariko dira lanean eta herritarren eta boluntarioen babesa eskertu nahi du antolakuntzak. Halaber, Nafarroako Mendi Federazioaren,  Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren eta babesleen laguntza goraipatu dute, “laguntza hori gabe oso konplikatua litzateke halako tamaina duen martxa antolatzea. Eskertuta gaude” nabarmendu dute. 



Antolakuntzak Atakondoa eskolako gimnasioa prest dauka, norbaitek martxaren aurreko gaua bertan eman nahi badu. Ibilbidean barna hornidura eta kontrol guneak izango dituzte eskura mendizaleek eta DYAk probaren martxa zainduko du. Behin proba bukatuta, guztiek kamiseta eta diploma jasoko dute. Gainera, mendi materiala zozketatuko da guztien artean.

Hiru aukerak
Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela). Goizeko 6:00etan abiatuko dira mendizaleak Irurtzungo Atakondoatik. Urrizola, Txurregi, Euskal Herriko erdigunea, Beriain (1.498 m), Uharte Arakil, Aralarko San Migel (1.242 m), Ata bailara, Madotz, Larrazpil, Goldaratz, Latasa, Trinitatea (999 m) eta Irurtzungo plaza. 11/12 ordu inguruko ibilbidea.

Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440 m desnibela). Goizeko 7:30ean abiatuko dira mendizaleak. Etxeberriraino iritsiko dira, Arrantzaleen xendatik. Ondoren, Itxasperri gainditu eta Egiarretatik Madotzera iritxiko dira, Larrazpil, Goldaratz, Latasa eta Artola gainditu ondoren, Trinitateko Ermitara igotzeko (999 m). Handik Irurtzunera jaitsiko dira. 6 ordu inguruko ibilbidea.

Ibilbide Txikia (14 km, 736 m). Goizeko 9:30ean abiatuko dira, Atakondoatik. Etxeko txikienekin egiteko ibilbidea. Txikiak heldu baten zaintzapean egon beharko dute. Trinitatera (999m.) igoko dira, Latasara jaitsi eta Arrantzaleen xendatik Irurtzungo plazara helduko dira. 4/5 ordu inguruko ibilbidea.



www.iratxoelkartea.com


Informazio guztia. 





Izena ematea, zabalik
Apirilaren 25era arte, www.iratxoelkartea.com web gunean (Ibilbide Luzekoak eta Ibilbide Motzekoak 12 euro eta langabetuek 5 euro; Ibilbide Txikikoek, 14 urtez azpikoek 4 euro eta 14 urtetik gorakoek 8 euro). Probaren egunean bertan, 15 euro.