Peñiscolaren kontra hiru puntu baliotsu lortu zituen Osasuna Magnak

Guaixe 2018ko api. 24a, 12:30

Talde berdea bostgarrena da sailkapenean eta asteburuan jokatuko den azken jardunaldian laugarren postua lortzen saiatuko da. Roberto Martil jokalari irurtzundarrak bi denboraldirako berritu du

Osasuna Magnak garaipen garrantzitsua lortu zuen Peñiscolan. Lehen zatian Peñiscola eta Osasuna Magna nor baino nor aritu ziren. Irurtzundarrek ederki presionatzen zuten, eta Peñiscolakoek, aldiz, kontraeraso arriskutsuak lortu zituzten. Dani Saldisek Osasuna Magna aurreratu zuen, baina Peñiscolak bana berdindu zuen.

Atsedenaldia eta gero, Martilek Osasuna Magnaren bigarrena sartu zuen baina Peñiscolak, atzera ere, bina berdindu zuen. Orduan eromena iritsi zen, baina Nakatak eta Victorrek gola sartu eta 2 eta 4 irabazi zuen Osasuna Magnak.

“Partida gogorra izan da. Lehen zatian ez gara ongi egon, baina bigarrenean nagusiak izan gara. Garaipen garrantzitsua da hau, liga despeditzeko partida baten faltan, denboraldi bikaina are gehiago borobiltzen duena. Etxetik kanpoko balantzea ezin-hobea da: 12 garaipen, 2 berdinketa eta porrot bat; Ikusgarria, txapela kentzeko modukoa. Orain, play-offak baino lehen jokatuko den ligako azken partida prestatzea dagokigu” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Laugarren postua lortu nahi dute
Izan ere, Movistar Inter da liderra (68 puntu), puntu batera Barxcelona Lassa eta 3 puntura El Pozo Murcia dituela. Osasuna Magna bosgarrena da (61 puntu), laugarrena den Jaen Paraiso taldearen puntu berberekin. Asteburuan ligako azken jardunaldia dago jokoan. Osasuna Magnak sailkapenean 14.a den O Parrulo taldea hartuko du eta jokoan dauden 3 puntu horiek lortzen saiatuko da, sailkapeneko 4. postua lortu ahal izateko.

Roberto Martilek berritu du
Osasuna Magna Xotak taldearendako ezinbestekoak diren jokalariak eusten jarraitzen du. Asier Llamas irurtzundarrari kontratua berritu ostean, apirilaren 19an Roberto Martil irurtzundarrari zuen kontratua bi denboraldirako berritu dio talde berdeak. Aurtengo ekainaren 30ean despeditzen zen irurtzundarraren kontratua, eta berrikuntzarekin, 2020raino jarraituko du taldean Roberto Martilek. Hurrengo denboraldian taldeko kapitaina izango da Martil, Javi Eseverrik erretiroa hartzen duelako.