Errefuxiatuen aldeko azoka

Guaixe 2018ko api. 27a, 10:06

Igandean, 10:00etatik 14:00etara bigarren eskuko azoka izanen da, Itxipururen ekimenez

Itxipuru taldeak antolatutako bigarren eskuko azokaren 34. edizioa izanen da igandekoa. Etxean bazterturik eta egoera onean dauden objektuei bigarren bizi bat emateko aukera da azoka. Bestelako kontsumo ereduez hausnartzeko aukera ere izan nahi du, kontsumo arduratsuaren aldeko deia egitearekin batera. Azokako salmahaietatik pasatzen direnek mauka ederrak opatzeko aukera izanen dute. Izan ere, oso prezio onean primerako arropa, liburuak diskoak, DVDak, etxetresna elektrikoak, apaingarriak eta beste eskuratzeko aukera izanen da.

Eta, ohi denez, bigarren eskuko azokaren bidez lortutako diruarekin elkartasun proiektu bat lagunduko dute. Oraingoan Help-Na gobernuz kanpoko erakundearen aldekoa izanen da; Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako Suhiltzaile taldearen aldekoa hain zuen ere. Erakunde horrek Grezian eta Belgraden dauden errefuxiatuei laguntza ematen die. Eta igandean lortutako dirua egitasmo horiei bultzada ematera bideratuko dituzte.

Azokatik pasatzen denak umeendako tailerrak eta jolasak, musika eta pintxo beroak eskaintzen dituen barra opatuko ditu ere.