Dena prest 29. Sakanako Ibilaldirako

Guaixe 2018ko api. 27a, 13:46

Ibilaldi Handikoak bihar goizeko 6:00etan abiatuko dira, Ibilbide Motzekoak 7:30ean eta Ibilbide Txikikoak 9:30ean. Momentuz 768 mendizale daude izena emanda eta bihar bertan ere apuntatzeko aukera dago

Bihar, larunbatean, apirilaren 28an, mendizaleek zita garrantzitsua dute. Iratxo elkarteak hainbat entitateren eta babesleren laguntzarekin antolatutako 29. Sakanako Ibilaldia goizean goiz abiatuko da. 
akanako Ibilaldia Nafarroako mendi ibilbide zaharrena da, xarma berezia du eta mendizaleek izugarri baloratzen dute. Mendi martxak gustuko dutenendako klasikoa bilakatu da, askok euren egutegian gorriz markatuta dutena. 



Sakanako Ibilaldia proba ez lehiakorra da, ez da sailkapenik egiten. “Lehiatzeko, mendi lasterketak daude” diote Iratxokoek. Helburua Sakanako paisaia eta mendi zoragarriez gozatzea da. Azken urteetan bezala, mendizaleek hiru ibilbide izanen dituzte aukeran:  Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela), Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440 m desnibela) eta Ibilbide Txikia (14 km, 736 m desnibela).Sakanako Ibilaldia Nafarroako eta Euskal Herriko Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituetan sartua dago.

768 izena emanda


Aurreko urtean 1.203 mendizalek hartu zuten parte Sakanako Ibilaldian, 586 mendizalek Ibilaldi Handian, 427 partaidek Ibilaldi Motzean eta 190 mendizalek Ibilaldi Txikian. Aurten antzeko kopurua hartzeko nahikoa azpiegitura du prest Iratxo taldeak. Momentuz, aurretik 768 mendizale daude izena emanda (412 Ibilaldi Handian, 233 Ibilaldi Motzean eta 123 Ibilaldi Txikian) eta beste 36 mendizale daude konfirmatzeko. “Horri egunean bertan izena ematen dutenen kopurua gehitu behar zaio, oraindik ere izena ematea zabalik baitago, eta horretan eguraldiak eragin handia izango du. Egiten duen eguraldiaren araberakoa izango da hori” aipatu dute Iratxotik.



“Mendizaleak etortzera animatu nahi ditugu, egun bikaina pasatzera animatu daitezela. Paisaia eta ibilbide zoragarrietatik ibiltzeko aukera izango dute” gaineratu zuen. Mendizaleei ingurumena zaintzeko eskaria egin die antolakuntzak. Bitarteko guztiak jarriko dituzte zaborrak behar bezala jasotzeko, eta horiek erabili eta gure ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartaraziko dituzte mendizaleak.
50-60 boluntario


Guztia behar bezala prestatzeko, 50-60 pertsona inguru ariko dira lanean eta herritarren eta boluntarioen babesa eskertu nahi du antolakuntzak. Bestalde, antolakuntzak Atakondoa eskolako gimnasioa prest dauka, norbaitek martxaren aurreko gaua bertan eman nahi badu. Bihar, goizeko 5:00etatik irekiko da Iratxoko taberna. Ibilbidean barna hornidura eta kontrol guneak izango dituzte eskura mendizaleek eta DYAk probaren martxa zainduko du. Behin proba bukatuta, guztiek kamiseta eta diploma jasoko dute. Gainera, mendi materiala zozketatuko da guztien artean.

Aipatzekoa da, Ibilbide Txikia despeditzen denean, txikienek rokodromoa eta jokoak izango dituztela prest plazan. Txikienengan mendizaletasuna sustatu nahi da, harrobia landu eta trebatu. Horregatik antolatzen da, hain zuzen ere, Ibilbide Txikia.

Izena emateko


Bihar, goizeko 5:00etatik aurrera, Iratxo elkartean (Ibilbide Handia eta Ibilbide Motza, 15 euro. Ibilbide Txikikoek, 14 urtez azpikoek 4 euro eta 14 urtetik gorakoek 8 euro).

Kontzertua

Sakanako Ibilaldia girotzeko Séptimo A musika taldeak kontzertua eskainiko du Irurtzungo plazan, 18:00etan, Pikuxar euskal txokoak antolatuta. Kataluniatik dator taldea eta 3 disko dituzte, azkena aurten kaleratutakoa.

Hiru aukerak
Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela). Goizeko 6:00etan abiatuko dira mendizaleak Irurtzungo Atakondoatik. Urrizola, Txurregi, Euskal Herriko erdigunea, Beriain (1.498 m), Uharte Arakil, Aralarko San Migel (1.242 m), Ata bailara, Madotz, Larrazpil, Goldaratz, Latasa, Trinitatea (999 m) eta Irurtzungo plaza. 11/12 ordu inguruko ibilbidea.

Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440 m desnibela). Goizeko 7:30ean abiatuko dira mendizaleak. Etxeberriraino iritsiko dira, Arrantzaleen xendatik. Ondoren, Itxasperri gainditu eta Egiarretatik Madotzera iritxiko dira, Larrazpil, Goldaratz, Latasa eta Artola gainditu ondoren, Trinitateko Ermitara igotzeko (999 m). Handik Irurtzunera jaitsiko dira. 6 ordu inguruko ibilbidea.

Ibilbide Txikia (14 km, 736 m). Goizeko 9:30ean abiatuko dira, Atakondoatik. Etxeko txikienekin egiteko ibilbidea. Txikiak heldu baten zaintzapean egon beharko dute. Trinitatera (999m.) igoko dira, Latasara jaitsi eta Arrantzaleen xendatik Irurtzungo plazara helduko dira. 4/5 ordu inguruko ibilbidea.