Osasuna Magnak bosgarren despeditu du liga

Guaixe 2018ko api. 30a, 11:50

Liga erabakitzeko play-offetan talde berdeak Jaen izango du aurkari final laurdenetan, eta kantxa faktorea alde izango dute andaluziarrek

Asteburuan lehen mailako areto futboleko ligako azken partida jokatu zen. Sailkapenaren behealdean dagoen O Parrulo taldea hartu zuen Osasuna Magna Xotak, eta partida irabaztea zen helburua, sailkapenaren laugarren postua baitzuten jokoan puntutara berdinduta dauden Jaenek eta Osasuna Magnak.

Partida hasi baino lehen omenaldi beroa egin zitzaion aurten erretiroa hartuko duen Javi Eseverri kapitain handiari. Bere herriko, Otsagiko dantzariek ere hartu zuten parte omenaldi bero eta hunkigarrian. Eta ondoren hasi zen partida. O Parrulok ederki estutu zuen talde berdea; ongi eutsi zituzten Osasuna Magnaren erasoak. Hala ere, Eric Martelek gol bat sartzea lortu zuen atsedenaldira joan baino lehen. Bigarren zatian Osasuna Magna hobeto ibili zen, baina minutu batean egindako lan guztia pikutara joan zen. Izan ere, O Parrulok bi gol sartu zituen minutu bateko tartean eta 1 eta 2 aurreratu ziren galiziarrak. Hurrengo minutuan O Parrulok gola sartu zuen bere ate propioan eta, horrela, binako berdinketarekin despeditu zen lehia.

Movistar Inter izan da ligako lehena, 71 punturekin. Osasuna Magnak bosgarren postuan bukatu du (62 puntu), Jaenek irabaztea eta laugarren postuari eustea lortu baitzuen (64 puntu). Osasuna Magnak puntuazio errekorra gainditu du, orain arte sekula ez baitu 62 puntu lortzea. Halaber, etxeko partidetan denboraldi guztiko talde onena izan da Osasuna Magna Xota. Hala ere, Imanol Arregi haserre zegoen. “Partida hotza izan da, arraroa, bazirudien ez genuela ezer jokoan. Irabaztea merezi genuen, baina akats asko izan ditugu eta, irabazi nahi baduzu, ezin dituzu horrenbeste akats egin” azaldu zuen.

Play-offetan Jaen izango dute aurkari
Lehen mailako liga erregularra jokatuta, sailkapenean lehen zortzi postuetan sailkatutako taldeek ligako titulua erabakitzeko play-offak jokatuko dituzte. Movistar Inter, Barcelona, El Pozo, Jaen, Osasuna Magna, Palma, Zaragoza eta Aspil Vidal dira talde horiek. Play-offak maiatzaren 12an hasiko dira, eta hiru partidatara jokatuko dira. Osasuna Magnak Jaen Paraiso Interior izango du aurkari play-offetako final laurdenetan. Joaneko partida maiatzaren 12an jokatuko da, Anaitasunan, eta itzuliko partida eta berdinketa haustekoa, aldiz, Jaenen. Hortaz, kantxa faktorea alde izango du Jaenek.