1.035 mendizale Sakanako Ibilaldian

Guaixe 2018ko api. 30a, 14:33

Eguraldia lagun, mendizaleen festa bikaina izan zen Iratxok prestatutakoa. Mendizaleek hiru ibilbide egiteko aukera izan zuten

Eguraldi iragarpenak euria iragartzen zuen, baina larunbat goiza ateri esnatu zen eta mendizaleek ez zuten inolako arazorik izan Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako 29. Sakanako Ibilaldian parte hartzeko. Aurretik 700 mendizalek zuten izena emana eta egunean bertan 300 baino gehiago animatu ziren inskripzioa egitera. Horrela, guztira 1035 mendizalek hartu zuten parte proba ez lehiakorrean, eta Sakanako paraje ikusgarriez gozatzeko aukera izan zuten. Proba Nafarroako eta Euskal Herriko Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituetan sartua dago.

Parte-hartzaileek hiru ibilbide zituzten aukeran: Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela), San Donato, San Migel eta Trinitatea ermitak biltzen dituena; Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440 m desnibela), Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Latasa eta Trinitatea batu zituena, eta Ibilbide Txikia (14 km, 736 m desnibela), gaztetxoekin batera egitekoa, txikienengan mendizaletasuna sustatzeko, Trinitatea, Latasa eta Arrantzaleen xenda lotu zituena. 470 mendizalek Ibilbide Luzea aukeratu zuten, 363 mendizalek Ibilbide Motza eta 202 mendizalek Ibilbide Txikia.

Ibilbide luzea egin zutenak goizeko 6:00etan atera ziren; Txurregi, Euskal Herriko erdigunea, Beriain, Aralarko San Migel, Ata bailara, Madotz, Larrazpil, Goldaratz, Latasa eta Trinitatea gaindituta, Irurtzunera iritsi ziren. Gehienek 11-12 ordu behar izan zuten buelta guztia egiteko, baina egon zen ibilbidea denbora erdian egin zuenik. Eguerditik aurrera hasi ziren mendizaleak iristen. Eta antzekoa gainontzeko ibilbideekin.

Bi susto izan ezik, guztia primeran
Guztia primeran atera zen, bi ezusteko izan ezik. Bi pertsona eraman behar izan zituzten Nafarroako Ospitalera, bata erreakzio alergiko batengatik eta, bestea, deshidratazio arazoekin. Zorionez, sustoa besterik ez zen izan. Aipatzekoa da 60 boluntario inguru aritu zirela Iratxo elkartearekin lanean, guztia antolatzen. Hornidura postuetan, kontrol postuetan, izena-emateak tramitatzen, guztia garbitzen… lan handia egin zuten, kontuan hartuta egunean bertan 300 pertsonatik gora apuntatu zirela. Bukaeran, eta Pikuxar euskal txokoak antolatuta, Kataluniako Septimo A taldeak kontzertua esekaini zuen eta primerako giroa izan zen Irurtzunen.

Mendizaleek Iratxo elkartearen antolakuntza bikaina goraipatu zuten. Halaber, mendian ibiltzeko eguraldi ezin hobea egiten zuela gaineratu zuten eta Sakanako ibilaldiaren edertasuna nabarmendu zuten. Hurrengo urtean 30. edizioa beteko du Nafarroako martxa beteranoenetakoa denak.

Argazkiak: N. Mazkiaran.