Irurtzun, Kin-Ball topaleku

Guaixe 2018ko mai. 3a, 15:31

Irurtzunek Haur eta Junior mailako Kin-Ball Txapelketa Nazionala hartu du asteburuan. Sei talde lehiatu dira eta Jaengo Martos izan da txapelduna. Irurtzungo Atakondoa ikastetxean Kin-Balla lantzen dute, aspalditik

Asteburuan 16 urtez azpiko Haurren eta Juniorren Kin-Ball Txapelketa Nazionala jokatu da Irurtzungo kiroldegian. Larunbatean kanporaketak jokatu ziren eta, igandean, finalerdiak eta final handia. Sei talde lehiatu dira guztira: Jaengo Martos, Frantziako KBM Montauban, Madrilgo La Cantera Moralzarzal, Leongo Tempus, Valentziako Pio XII Ikastetxea eta Nafarroa Kin-Ball. Irurtzungo Atakondoa ikastetxean Kin-Balla lantzen dute aspalditik, eta selekzioan parte hartuko dute irurtzundarrek.
Txapelketa ikusgarriaren ondoren, azkenean Jaengo Kin-Ball Martos klubak irabazi du Juniorren Kin-Ball Txapelketa Nazionala.

Kirol kooperatiboa
Kin-Ball kirol berezia da. Kirol kooperatiboa da. Mario Demers soin heziketa irakasleak asmatu zuen, Kanadan, 80. hamarkadan. Helburu nagusia ikasleak baloreetan heztea da. Bere araudian ondoko baloreak lantzen dira: kooperazioa, hezkidetza, integrazioa, joko garbia, emakumeen parte-hartzea eta biolentziaren gaitzespena. Eta horretaz guztiaz gain, joko arin eta dibertigarria da.

Irurtzungo Atakondoa ikastetxean Kin-Balla lantzen dute aspalditik. Manuel Iznaola soin heziketa irakaslearen bitartez iritsi zen. Egun, LH-ko 5. eta 6. mailakoek eta DBH-ko 2. mailakoek unitate didaktiko moduan lantzen dute eta soin heziketan saio praktikoak egiten dituzte, Manuel Iznaolarekin. Ikasleek oso gustuko duten kirola da, erabateko talde lana delako; jokalari guztiak dira garrantzitsuak, inor ez da nabarmentzen. Baloi erraldoia erabiltzen da, eta, hortaz, batek bakarrik ezin du kontrolatu, laguntza behar du. Inork ezin du pasibo egon eta talde lana da.

Nola jolasten da Kin-Ballera?
Kin-Ball jokatzeko 4 pertsonaz osatutako 3 talde behar dira, talde mistoak badira hobe, laukizuzen formako aretoan. Eta jakina, kin-ball baloi erraldoia, 122 zentimetroko diametroa duena. Markagailua ere berezia da, hiru taldek parte hartzen dutelako. Taldeen helburua ahalik eta puntu gehien pilatzea da, eta puntuak gainontzeko taldeek falta egiten dutenean lortzen dira. Baloiaren jabetza duen taldeak erabakitzen du zein talderi jaurtikiko dion baloia, eta aurretik berari jaurtiki behar diola esango dio. “Omnikin arrosa” esango du talde arrosari bota behar badio. Eta nahiz eta baloia gora edo horizontalean jaurtiki, baloia lurrera erortzeko helburuarekin jaurtikiko du. Jakina, beste taldeak baloia lurrera joatea ekidin beharko du eta baloia kontrolatzen saiatuko da. Baloiak lurra jotzen badu, baloia jaurtiki duen taldeak eta euren txanda itxoiten dagoen beste taldeak puntu bana lortuko dute. Aldiz, taldeak baloia kontrolatzen badu, erasotzaile izatera pasako da, eta 10 segundoko tartea izango du baloia aukeratzen duen taldeari jaurtitzeko, hori bai, taldeari aurretik abisatuta. Araudiak dioenez, puntu gehien duen taldeari bota behar zaio baloia, beti. Estrategiaz betetako jokoa da.

Talde batek baloia jaurti ahal izateko, talde horretako jokalari guztiak baloiarekin kontaktuan egon beharko dute, baloia eutsi, finean. Normalean, hiru jokalarik baloi erraldoia eutsiko dute eta laugarrenak kolpatuko du. 13 puntu lortzen dituen lehen taldeak “periodo” delako bat lortuko du, eta 3 periodo lortzen dituen taldeak irabaziko du partida.