Irurtzungo Kirol Jardunaldiak abian

Guaixe 2018ko mai. 3a, 16:00

Maiatzaren 12ra bitartean, kirolari lotutako denetariko ekitaldiak antolatu dira Irurtzunen. Txirrindularitzari buruzko erakusketa, mahai ingurua eta zikloturista martxa, Joseba Arlegi eta Alberto Iñurrategiren proiekzioak, orientazio proba, herri kirolak eta beste izanen dira

Irurtzungo kirol batzordeak, Irurtzungo kirol kluben eta Atakondoa ikastetxeko kirol jardueren taldearen laguntzarekin 2018ko Irurtzungo Kirol Jardunaldiak antolatu dituzte. Horrela, hurrengo bi asteetan erakusketak, hitzaldiak, proiekzioak, mahainguruak zikloturisten martxa eta herri kirolak izanen dira.

Txirrindularitzari buruzko erakusketa
Txirrindularitzari buruzko erakusketa izango da antolatu den lehen ekimena. Maiatzaren 3tijk 8ra bitartean, Atakondoa ikastetxeko atondoak hartuko du “Irurtzun, cuna del ciclismo: del Reynolds al Movistar” izeneko erakusketa, 9:00etatik 10:00etara eta 14:00etatik 17:00etara. Horrela, txirrindularitzaren urrezko garaiak errepasatzeko aukera emango ditu erakusketak. Halaber, Atakondoako lehen solairuan “Historia del Ciclismo a través de los maillots” erakusketa dago ikusgai, azken urteetan izandako mailloten errepaso ederra.

Joseba Arlegi eta orientazio proba
Ostiralean Joseba Arlegi eskalatzailearen txanda izango da. Irurtzungo eskalatzaileak “Escalando en el Oeste Americano” hitzaldi-proiekzioa gidatuko du. Amerikan egindako espedizioen berri emango du Arlegik, irudi ikusgarriez lagunduta. Eta larunbaterako mendi ekimen interesgarri bat antolatu dute. Orientazio proban parte hartzeko aukera izango dute 2007 urtetik aurrera jaiotako neska-mutikoek eta familiek. Banaka edo taldean hartu ahalko da parte, eta egun berean eman daiteke izena, mapak agortu arte. Hitzordua goizeko 10:00etan jarri dute, plazan.

Txirrindularitza Irurtzunen, bizitzeko modu bat
Izen hori jarri diote, hain zuzen ere, astelehenean 13:00etatik 15:00etara Atakondoa ikastetxeko gimnasioan antolatu duten mahainguruari. “Ciclismo en Irurtzun, una forma de vida” lelopean, testigantza bikainak entzuteko aukera izango da. Idoia Lazkoz txirrindulari ohi etxarriarrak, Erkuden Almagro txirrindulariak, Juanjo Oroz eta Egoi Martinez txirrindulari ohiek, Aitor Garmendiak, David Latasak eta Movistar Team taldeko Imanol Erbiti Hiriberriko txirrindulariak hartuko dute hitza, eta Mikel Navarro izango da hizlariei hitza eman eta mahaingurua gidatuko duena.

Zikloturista martxa
Hurrengo egunerako, astearterako, zikloturisten martxa antolatu dute, Lacturale-Ermitagaña Emakumezkoen Taldeko kideekin. Talde honetako txirrindulariak dira, besteak beste, Leire Maiza etxarriarra eta Maria Beraza uhartearra. Hitzordua 17:30ean jarri dute Irurtzungo Foru plazan, zabalik dago martxa egin nahi duen orori eta Irurtzun-Latasa-Oskotz-Muskitz-Aizkorbe eta Irurtzun arteko ibilbidea egingo dute, 22 km-koa.

Alberto Iñurrategi eta herri kirolak

Irurtzungo Kirol Jardunaldiek maiatzaren 11n eta maiatzaren 12an izanen dute segida. Maiatzaren 11n Alberto Iñurrategi alpinistak “Elogio del fracaso” hitzaldi-proiekzioa eskainiko du, 20:00etan, Irurtzungo Kultur Etxean. Eta maiatzaren 12an, larunbatarekin, herri kirol konbinatuetan aritzeko aukera izango dute irurtzundarrek, 18:00etan, Foru plazan. Atakondoa ikastetxe publikoko haurren taldeen arteko konbinatuak jokatuko dira, lehenik, eta helduen Irurtzungo taldeen artekoak, segidan. Gazte Asanblada, Larrazpi, Pikuxar, Erga Larreak, Guan eta bajeretako taldeak ariko dira.