Udala igerileku sasoia prestatzen hasi da

Guaixe 2018ko mai. 8a, 09:33

Garagartzaroaren 16an zabalduko dira Irurtzungo igerilekuak. 11:00etatik 22:00etara zabalik izanen dira. Baina igerilekuak 20:30ean itxiko dira. Urteko kuota helbideratuta duten bazkideei hilaren 15ean eta garagartzaroaren 11n pasako zaie, bi zatitan banatuta. Joan den urtean txartela atera zutenek hura berritu nahi duten galdetzen dien jakinarazpena jasoko dute etxean. Ordainketa helbideratu  gabe dutenek herriko edozein bankutan paga dezakete, ordainketa bakarrean.

Udalak jakinarazi duenez, uda sasoiko txartelagatik 5 eta 14 urte bitartekoek 54 euro pagatu beharko dute, 14 eta 18 urte artekoek 65 eta 18 eta 65 urte artekoek 86. 5 urtera artekoek eta 65 urtetik gorakoek ez dute ordaindu beharko. Eguneko sarrerei dagokienez, 5 eta 14 urte artekoa 4 eurokoa da, eta 14 eta 65 urte artekoa 6,5ekoa. Umeek eta Irurtzunen eta Arakilen erroldatutako 65 urtetik gorakoek dohainik dute. Bi udalerrietan erroldatuta egon ez eta sartu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte. 15 eguneko txartelak ere badaude, 30, 50 eta 18 eurotan, adinaren arabera. Familiendako, guraso bakarreko familiendako eta langabetuendako txartelak badaude ere.