Parte hartze aurrekontuen bozketa larunbatean hasiko da

Guaixe 2018ko mar. 15a, 18:11

Irurtzungo abesbatzaren kontzertua frontoian.

Irurtzungo parte hartze aurrekontuen taldeak herritarrekin eta erakundeekin batera lau proposamen egin ditu udalaren 35.000 euro zertara bideratu erabakitzeko. Botoa martxoaren 25era arte eman daiteke  Tahonan, Mª Jesús elikaduran, Lorena Fruta-Dendan, Eroslen, Udaletxean, jubilatu elkartean, Pikuxarren edo preparirurtzun@gmail.com helbidearen bidez

Zortzigarren urtez irurtzundarrek udal aurrekontuko zati bat zertara bideratu daitekeen erabakitzeko aukera dute. Horrekin batera, urtero moduan, bozka txartelean irurtzundarrek egiteko premia dagoela uste duten lanak edo proiektuak proposatzeko aukera dute. Aurten, gainera, parte hartze aurrekontuen taldekoek nork bere auzoan edo kalean sumatzen dituen premiak, hutsuneak edota arazo txikiak nabarmentzeko aukera gaineratu dute. Beraz, herri eta kale mailako proposamenak egiteko aukera izanen da. Aurreko aldietan bezala, bide honen bidez jasotako eskaeren berri izan ondoren, udalak kostu txikia duten hainbat lan eta konponketa eginen ditu. Proposamen bideragarriak izatea eskatu dute, heldu den urteko prozesuan erabili ahal izateko.

Parte hartze aurrekontuen taldeak joan den urteko prozesuan eta azken hilabeteetan talde eta elkarteekin egindako bileretan jasotako proposamen eta iradokizunetan oinarrituz, hautagai izan zitezkeen proiektuen aurre aukeraketa egin zuen, herriko hainbat talderen parte hartzearekin. Denak ezin aurrera eraman eta lau aukeratu dituzte, irurtzundarrek boto bidez haietakoren baten alde egin dezaten. Botoa martxoaren 17tik 25era eman daiteke. Ohiko tokietan izanen dira botorako ontziak eta txartelak. preparirurtzun@gmail.com helbide elektronikoa ere baliatu daiteke.

Lau proposamenak
Frontoi estaliaren berokuntza eta kondentsazio arazoak
Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko frontoi estaliak duen kondentsazio arazoari konponbide egokia     eman nahi zaio. Eta, bide batez, berokuntza sistema egungo beharretarako egokituko da.

Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpondu
Igerilekuetako berdeguneak prestatu ondoren belarra berriz erein, hainbat makal moztu, merenderoaren ingurua hobetu eta erretokia berritu. Gainera, instalazioen sarrerara hurbiltzeko dagoen arrapala hobetzea aurreikusten da.

Frontoi atzeko parkea handitzea
Plazako frontoiaren atzean dagoen haurrendako jolas parkean egungo jolas-tresnen kopurua handituko litzateke, jolaserako elementu berriak sartuz. Horretarako, berdegunea baliatuko litzateke. Parkea handitzean behar bereziak dituzten haur guztien inklusibitatea ahalbidetuko luketen  jolas-tresnak jartzeko ahalegina eginen litzateke.

Barraketako esparrua asfaltatu edo hormigoitu
Urtean zehar aparkalekua den eta azken urteetan herriko festetan barrakak jartzen diren espazio irekiko zoru zati batzuk asfaltatuak daude, beste batzuetan hormigoi geruza bat dago eta gainerakoan legarra. Zorua berdindu eta hobetzeko proiektua litzateke. Horrela, espazio ireki horri bestelako erabilerak emateko aukera legoke.

Orain arte aukeratutako proiektuak
2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu.
2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu.
2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu.
2014 Atakondoak aldagelak.
2015 Karpa.
2016 Anbulanzietarako sarbidea egokitzea.
2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea.