Herrian bertan erosteak abantailak dituela nabarmendu nahi du Irurtzungo Udalak martxan jarri duen kanpainarekin. Bost arrazoi eman dituzte herrian erosketak egiteko. Batetik, autoa ez hartzeagatik lasaitasuna eta erosotasuna lortzen dela. Bestetik, herriko dendarien hurbiltasuna dago. Gainera, azken momentuko behar bat izanez gero, herriko dendak konponbidea izan daitezkeela gaztigatu da. Eta, azkenik, Irurtzunen erosketak eginez, herriko bizitzan parte hartzearen sentipena dagoela adierazi dute udaletik.
Irurtzunen erosteak beste zenbait gauza ziurtatzen dituela ere gaineratu dute udaletik, esaterako estres gutxiago izatea eta dendetan adeitasunik onena izatea. Aldi berean erosketak herrian egiteak haren garapenean parte hartzea ekartzen du, baita irurtzundarren arteko erlazioak hobetzea ere.
Zozketak
Irurtzungo Udalak zerrendatu dituen abantaila guztiei orain 200 euroko erosketa txartelen zozketa gehitu behar zaio. Txartelak herriko 28 dendetako lauetan 50 euroko erosketa egiteko balio du.
Udalak bi zozketa antolatu ditu. Maiatzaren 3tik 25era erosketak egiten dituztenen artean zozketa eginen da eta Trinitateko festetan, hilaren 28an, jakinen da zein den sariduna. Bigarren zozketa, berriz, udazkenean eginen da. Lastailaren 18tik azaroaren 9ra erosketak egiten dutenen artean banatuko da saria San Martin festetan, azaroaren 12an.
Zozketa batean edo bestean parte hartu nahi dutenek Irurtzungo 28 dendetakoren batetik pasa daiteke eta dendariei galdetzea besterik ez dute. Eta horrela denek irabaziko dute.