Igerilekuan hobekuntzak egitea erabaki dute

Guaixe 2018ko mai. 4a, 12:19

Parte hartze aurrekontuen bidez irurtzundarrek udalaren 35.000 euro igerilekuko berdeguneetan hobekuntzak egitera eta sarrerako arranpa hobetzeko lanetara bideratzea erabaki dute. Lanak aurki hasiko dira

Zortzigarren urtea da Irurtzungo Udalak herritarren parte hartzearen bidez diru sail bat, 35.000 euro, zertara bideratuko duen erabaki duena. Hori Parte hartze aurrekontuen taldearen laguntzari esker egiten du. Azken horrek Irurtzungo hainbat talde eta elkarterekin bilerak egin ondoren, ohi denez, lau proposamenen artean bozkatzeko proposatu zien irurtzundarrei.

Herritarrek Martxoaren 16ren eta 25aren artean 433 boto eman zituzten eta haietatik soilik 20, % 4,61, izan txuriak. Lau aukeren artean babes gehien jaso zuena igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konponketa izan zen. Emandako botoetatik 179 jaso zituen, % 41,33 hain zuzen ere. Beraz, udalak igerilekuetako berdeguneak prestatu ondoren belarra berriz erein, hainbat makal moztu, merenderoaren ingurua hobetu eta erretokia berrituko ditu. Horrekin batera, instalazioen sarrerara hurbiltzeko dagoen arranpa hobetuko du.

Irurtzundarren bigarren aukera gogokoena frontoian berogailua egungo beharretara egokitzea zen, eta kondentsazio arazoei aurre egitea. 99 boto, % 22,86, jaso zituen. Hirugarren aukera plazako frontoiaren atzeko haurrendako parkean jolas tresna gehiago jartzea inklusibitate irizpideak kontuan hartuta, behar bereziak dituzten haurrak kontuan hartuta. 75 botorekin, %17,32, irurtzundarren hirugarren aukera izan da. Eta, azkenik, gazte txoko ondoko aparkalekuko zorua asfaltatzeko edo hormigoiarekin egiteko proposamena dago, aldeko 60 botorekin, % 13,85. Inguru horretan festetan barrakak jartzen dira eta, bestela, urte guztian ibilgailuendako aparkalekua da.

Orain arte aukeratutako proiektuak
2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu.
2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu.
2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu.
2014 Atakondoak aldagelak.
2015 Karpa.
2016 Anbulanzietarako sarbidea egokitzea.
2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea.
2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea.