Play-offak: Osasuna Magnak Jaen du aurkari

Guaixe 2018ko mai. 11a, 12:25

Lehen mailako Aretoko Futbol Txapelketako play-offetako final laurdenetako joaneko partidan Osasuna Magnak Jaen hartuko du gaur, Anaitasunan, 21:15ean

Lehen Mailako Areto Futboleko liga erregularra despedituta, txapelketan lehen zortzi postuetan geratu ziren taldeek ligako titulua erabakitzeko play-offak jokatuko dituzte. Movistar Inter (71 puntu), Barcelona (70 puntu), El Pozo Murcia (68 puntu), Jaen (64 puntu), Osasuna Magna (62 puntu), Palma Futsal (46 puntu), Rios Renovables Zaragoza (45 puntu) eta Aspil Vidal (40 puntu) dira talde horiek. Imanol Arregiren mutilek denboraldi ikusgarria egin dute eta euren errekorra gainditu dute, orain arte inoiz ez baitzuten lortu liga 62 punturekin despeditzea.

Play-offak asteburu honetan hasiko dira, final laurdenekin, eta hiru partidatara jokatuko dira. Osasuna Magnak Jaen Paraiso Interior izango du aurkari play-offetako final laurdenetan. Joaneko partida gaur jokatuko da, maiatzaren 11n, ostiralean, Anaitasuna pabilioian 21:15ean hasiko den jaialdian. Itzuliko partida eta berdinketa haustekoa, aldiz, Jaenen jokatuko dira, heldu den astean. Hortaz, kantxa faktorea alde izango du Jaenek.

Jaen ere primerako denboraldia egitetik dator. Liga erregularrean laugarrenak sailkatu dira andaluziarrak, eta arerio gogorra izango dira talde nafarrarendako.

Anaitasuna inoiz baino berdeagoa egotea nahi dute
Horregatik guztiagatik, gaurko partida erabakigarrirako zaleen laguntza eskatu du Osasuna Magna Xotak. Anaitasuna pabilioia inoiz baino berdeagoa egotea nahi dute. Sarrerak salgai daude ostiralean, 10:00etatik 13:00etara Xotak Irurtzunen duen bulegoan. Bestela, Anaitasunako txarteldegian eros daitezke, gaur, ostiralean, 19:30etik aurrera (abonatuek 5 euro, abonatu gabekoek 10 euro eta Osasunako bazkideek 5 euro).

Itzulerako partida Jaenen jokatuko da, maiatzaren 17an, ostegunarekin. Eta berdinketa ematen bada, berdinketa hausteko hirugarren partida Jaenen jokatuko litzateke, maiatzaren 19an, hurrengo larunbatean.

Beste final laurdenetan, Palma Futsalek El Pozo Murcia izango du aurkari, Rios Renovables Barcelonaren kontra ariko da eta Aspil Vidalek Movistar Inter izango du arerio.