Iñurrategiren hitzaldiarekin jarraituko dute Irurtzungo Kirol Jardunaldiek

Guaixe 2018ko mai. 11a, 11:32

Gaur hitzaldi-proiekzioa eskainiko du Aretxabeletako mendizale handiak eta bihar herri kirol proba konbinatuetan lehiatuko dira irurtzundarrak

Irurtzungo kirol batzordeak, Irurtzungo kirol kluben eta Atakondoa ikastetxeko kirol jardueren taldearen laguntzarekin antolatutako 2018ko Irurtzungo Kirol Jardunaldiak asteburuan despedituko dira.

Mendi kontuekin hasi ziren jardunaldiak. Izan ere, aurreko ostiralean Joseba Arlegi eskalatzaile irurtzundarrak “Escalando en el Oeste Americano” hitzaldi-proiekzioa eskaini zuen, Amerikan egindako espedizioen berri emateko. Eta larunbatean Orientazio proba oso interesgarria antolatu zuten. Bestalde, egunotan, txirrindularitzari buruzko erakusketa izan da Atakondoa ikastetxean, “Irurtzun, cuna del ciclismo: del Reynolds al Movistar” izenburupean. Hari lotuta, astelehenean mahai ingurua izan zen Atakondoa ikastetxean, “Ciclismo en Irurtzun, una forma de vida” lelopean. Mikel Goldarazena irurtzundarrak gidatuta, Idoia Lazkoz txirrindulari ohi etxarriarrak, Erkuden Almagro txirrindulariak, Juanjo Oroz eta Egoi Martinez txirrindulari ohiek, Aitor Garmendiak, David Latasak eta Movistar Team taldeko Imanol Erbiti Hiriberriko txirrindulariak euren testigantza eman zuten eta ikasleen galderak erantzun zituzten. Halaber, “Historia del Ciclismo a través de los maillots” erakusketa izan da ikusgai Atakondoan, azken urteetan izandako mailloten errepaso ederra. Halaber, asteartean Lacturale-Ermitagaña Emakumezkoen Taldeko kideekin zikloturisten martxa egiteko aukera izan zen. Irurtzun-Latasa-Oskotz-Muskitz-Aizkorbe eta Irurtzun arteko ibilbidea egin zuten (22 km).

Alberto Iñurrategi, gaur
Irurtzungo Kirol Jardunaldiek gaur izanen dute segida. Gaur, ostiralean, Alberto Iñurrategi alpinistak “Elogio del fracaso” hitzaldi-proiekzioa eskainiko du, 20:00etan, Irurtzungo Kultur Etxean. Aretxabaletako mendizale handiak, orain arteko bere espedizioaz aritzeaz gain, mendiarekiko duen filosofiaren berri emango du. Proiektu bakoitzaren emozioez, mendiaren legeak onartzen jakiteaz, uko egiteaz, etxera bueltatzen jakiteaz… hamaika sentimenduez ariko da Iñurrategi. 14 zortzi milakoak igo ditu Iñurrategik eta makina bat espedizio ikusgarri eta harrigarri egin ditu, baina garrantzitsuena espedizioak egin dituen estiloa eta izpiritua izan da.

Herri kirolak, bihar

Eta bihar, maiatzaren 12an, larunbatarekin, herri kirol konbinatuetan aritzeko aukera izango dute irurtzundarrek, 18:00etan, Foru plazan. Atakondoa ikastetxe publikoko haurren taldeen arteko konbinatuak jokatuko dira, lehenik, eta helduen Irurtzungo taldeen artekoak, segidan. Gazte Asanblada, Larrazpi, Pikuxar, Erga Larreak, Guan eta bajeretako taldeak ariko dira.