Osasuna Magnak garaipenarekin ekin die play-offei

Guaixe 2018ko mai. 14a, 11:26
Dani Saldise, sartutako gola ospatzen.

Play-offetako final laurdenetako Jaenen kontrako lehen partidan 4 eta 2 irabazi zuen talde nafarrak. Bigarren partida asteazkenean jokatuko dute, Jaenen

Lehen mailako areto futbol txapelketako play-offei hasiera bikaina eman die Osasuna Magna Xotak. Play-offetako final laurdenetan Jaen du aurkari talde irurtzundarrak. Final laurdenak hiru partidara jokatuko dira eta lehena ostiralean jokatu zen, Anaitasunan. Gorriz jokatu zuen talde berdea oso ongi aritu zen eta lehen puntua lortu zuen, Jaeni 4 eta 2 irabazi eta gero. Bigarren partida ostegunean jokatuko da, Jaenen, eta Andaluziako taldeak irabazten badu, berdinketa apurtzeko partida larunbatean jokatuko litzateke, Jaenen bertan.

Osasuna Magna Xotak eta Jaenek partida ikusgarria eskaini zuten. Denetarik izan zuen partidak: golak, aukerak, emozioa, parekotasuna, tentsioa, joko ona, erremontadak… Jaenera abantailarekin joatea garrantzitsua dela jakitun, hasieratik irabaztera atera ziren Imanol Arregiren mutilak, baina Jaen izan zen aurreratu zena. Hala ere, Eric Martelek berehala bana berdindu zuen. Handik gutxira, Rafa Usinek Osasuna Magnaren aldeko bigarrena sartu zuen. Baina Osasuna Magna Xotaren defentsa akats baten ondorioz, bina berdindu zuen Jaenek.

Bigarren zatian Osasuna Magnak eta Jaenek behin eta berriz sortu zituzten aukerak. Dani Saldise  oso aktibo aritu zen, eta egindako lanak emaitza izan zuen, hirugarrena sartu baitzuen. Imanolek “gora egitea” hori eskatzen zien bere jokalariei. Jaen saiatu zen, Carlitos atezain-jokalari jarri zuen, baina ongi defendatu zen Osasuna Magna eta Rafa Usinek laugarrena sartzea lortu zuen. Tentsioa oso handia zen; Rafa Usinek eta Dani Martinek sesioa izan zuten, Usinek buruarekin Martinen burua jo zuen eta arbitroak aldageletara bidali zuen Usin eta penalti bikoitza seinaleztatu zuen Jaenen alde. Baina Asierrek geldialdi bikaina egin zuen eta play-offetako final laurdenetako lehen puntua Magna Gurpea Xotak lortu zuen.

Rafa Usinek ezingo du Jaenen kontrako bigarren partida jokatu. Madrilgo jokalariak onartu zuen okertu egin zela. “Zaleei, taldeari eta Dani Martini barkamena eskatu nahi diot. Ezin dut akats hau egin” adierazi zuen.

Play-offetako final laurdenetako bigarren partida asteazkenean jokatuko dute bi taldeek, 21:15ean, Jaenen. Berdinduz gero hirugarren partida Jaenen jokatuko lukete, 21:15ean, ostiralean.

Victorren agurra
Osasuna Magna Xotako jokalari Victor Arevalok talde berdea utziko du. Malagako jokalariak 6 denboraldi egin ditu Xotan eta Anaitasunak txalo zaparrada beroarekin agurtu zuen, partida bukaeran, jokalaria negarrari ezin eutsi zegoela.