Osasuna Magna: play-offetan jarraitzea jokoan

Guaixe 2018ko mai. 18a, 10:33

Gaur, ostiralean, play-offetako hirugarren partida jokatuko dute Osasuna Magnak eta Jaenek eta irabazlea play-offetako finalerdietarako sailkatuko da

Hirugarren partidak erabakiko du Osasuna Magna Xotak edo Jaenek aurrera egiten duten Lehen Mailako Areto Futboleko play-offetan. Aurreko ostiralean Iruñean jokatutako play-offetako final zortzirenetako lehenengo partidan Osasuna Magna Xotak irabazi zion Jaeni (4 eta 2), Eric Martelek, Rafa Usinek (2) eta Dani Saldisek sartutako golei esker. Asteazkenean bigarren partida jokatu zen Jaenen eta, talde berdearen zoritxarrerako, Jaenek 6 eta 3 irabazi zien, play-offetan berdinketa lortuaz. Horrela, ostiralean bi taldeek Jaenen jokatutako hirugarren partidan (21:15) erabakiko da nork egiten duen aurrera play-offetan.

Osasuna Magnak Jaenen izandako porrota oso mingarria izan zen. Aipatzekoa da Rafa Usinek ezin izan zuela jokatu, Anaitasunan jokatutako partidan egindako faltagatik partida bateko zigorra jarri ziotelako. Hala ere, partida ongi hasi zen talde berdearendako, bosgarren segundoan Bynhok gola sartu zuelako. Partidaren kontrola hartu zuten berdeek, baina Jaenek berdintzea lortu zuen eta atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuten etxekoek. Bigarren zatian paretsu jarraitu zuten bi taldeek, eta biek izan zituzten gol aukerak, baina Jaenekoak izan ziren probestu zituztenak, 5 eta 1 aurreratu baitziren. Saiatzen jarraitu zuten berdeek, baina ezin. Horrela, Imanolek Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen eta bigarren gola sartu zuen Eric Martelek. Behin eta berriz saiatu ziren Imanol Arregiren mutilak, baina seigarrena sartu zuen Jaenek, eta nahiz eta Araçak hirugarrena sartu, 6 eta 3 galdu zuten jokalari nafarrek.

Horrela, ostiralean erabakiko da, Jaenen, zein talde sailkatzen den play-offetako finalerdietarako. Kantxa faktorea alde du Jaenek, baina egoera konplikatuei buelta ematen jakin badaki Osasuna Magnak eta finalerdietara pasatzea lortzeko dena emango dute ostiralean berdeek. Ea zortea alde duen Imanol Arregiren taldeak. Beste final laurdenetan, Palma Futsalek El Pozo Murcia izango du aurkari, Aspil Vidalek Movistar Inter, eta Barcelona finalerdietarako sailkatu da Zaragoza Rios Renovablesen kontrako bi partidak irabazi eta gero.

Victorren agurra
Osasuna Magna Xotako jokalari Victor Arevalok talde berdea utziko du. Malagako jokalariak 6 denboraldi egin ditu Xotan eta aurreko ostiralean Anaitasunak txalo zaparrada beroarekin agurtu zuen, partida bukaeran, jokalaria negarrari ezin eutsi zegoela.