Osasuna Magnak play-offei agur, polemika tarteko

Guaixe 2018ko mai. 21a, 13:35

Partida bukatzeko 2 segundoren faltan Eseverriri seinaleztatutako penalti eztabaidagarri bati esker lortu zuen irabaztea Jaenek

Bukatu da 2017/2018 denboraldia Osasuna Magna Xotarendako, eta modu ez oso atseginean gainera. Lehen mailako ligako titulua erabakitzeko play-offetako final zortzirenetan Jaenen kontrako hirugarren partida jokatu zuten berdeek ostiralean Jaenen. Bana berdintzen zeudela eta partida bukatzeko 2 segundoren faltan, arbitroak Eseverriri falta seinaleztatu zion, falta oso eztabaidatua, ia soilik arbitroak ikusi zuena. Eta azken segundo horretan lortu zuen garaipenaren gola garai batean Xotako jokalaria eta egun Jaengoa den Carlitosek. Azken unean modu horretan play-offei agurra esatea oso gogorra izan zen talde irurtzundarrerako.

Play-offetako final zortzirenetako lehen partida Osasuna Magnak irabazi zuen Anaitasunan; bigarren partida Jaenek irabazi zuen, Jaenen, eta berdinketa hausteko hirugarren partida Jaenen jokatu zen ostiralean. Intentsitate handiko lehian, partida ona egin zuten Imanol Arregiren mutilek. Mauriciok Jaen aurreratu zuen, baina ongi erantzun zuten berdeek eta Araçak berdintzea lortu zuen.

Falta eztabaidagarria
Bigarren zatian Osasuna Magnak dominatu zuen. Jaenen erasoak gelditzen jakin zuten berdeek, eta gol aukera politak izan zituen, baina baloia ez zen sartzen. Rafa Usinek penalti bat huts egin zuen. Gutxinaka, faltak pilatzen hasi ziren berdeak. Partida bukatzeko bi segundoren faltan, arbitroak falta seinaleztatu zion Javi Eseverri kapitain berdeari, ustez Jaengo Campoy kaltetu zuelako. Eta bere garaian Xotako jokalari izandako Carlitosek sartu zuen Jaenen garaipenaren gola, Osasuna Magna play-offetatik kanpo utzi zuena.

Oso triste
Gertatuagatik oso triste eta haserre zeuden Osasuna Magna Xotakoak. “Oso haserre gaude, play-offetako finalerdi batzuetatik horrela botatzea… Horretaz gain, partidan nagusi izan gara, irabaztea merezi izan dugu, irabazteko nahikoa meritu egin dugu, eta halako batengatik kanporatuak izatea…” esan zuen Imanol Arregik. Teknikariak gaineratu zuen gertatutakoa argi eta garbi ikusi zuela “Ez dio ikutu, ez dio ikutu. Eta partida despeditzeko bi segundoren faltan halako falta seinaleztatzea… lotsa gutxi izan behar da horretarako. Urte guztia lanean aurpegian horrela barre egiteko” gaineratu zuen teknikariak, arbitroaren erabakiarekin oso haserre. “Egin dugun partida bikainarekin horrela galtzea oso gogorra da. Aukera asko izan ditugu, kolore guztietakoak, baina ez dugu kontrako atean asmatu, baina ezin zaituzte horrela kanporatu. Oso triste gaude” nabarmendu zuen Imanol Arregik.

Baina Jaenek egin du aurrera play-offetan eta Osasuna Magna Xotak agur esan dio denboraldiari. Javi Eseverri kapitain handiarendako ere ostiralekoa bere azken partida izan zen, jokalari beteranoak areto futbola utziko duelako. Hurrengo denboraldian gehiago.