Mugimenduak Osasuna Magnan

Guaixe 2018ko mai. 30a, 09:44
Javier Garcia Moreno, "Chino".

Bynho, Edu eta Llamasen kontratuak berritu ditu talde berdeak eta bi fitxaketa egin ditu, Alex Diz eta Javier Garcia “Chino”

Osasuna Magna Xotako jokalariendako atsedena hartzeko unea da hau, baina zuzendaritzan hurrengo denboraldia prestatzeko lanetan murgilduta daude. Horrela, dagoeneko hiru jokalariren kontratua berritu du talde berdeak eta denboraldiko lehen bi fitxaketak egin ditu.

Dizen eta Chinoren etorrera
Bynhok, Edu Sousak eta Alex Llamasek beste bi urtetarako sinatu dute Osasuna Magna Xotarekin. Bi aldeek oso kontentu daudela adierazi dute. Bestalde, Victor, Alan eta erretiroa hartu duen Javi Eseverriren bajak ordezkatzeko lehen pausua eman du talde berdeak: Batetik, Alex Diz galiziarra fitxatu du. Dizek 22 urte ditu, Lugokoa da eta hegalean jokatzen du. Azkar Lugon ibili ondoren, azken hiru denboraldiak Santiago Futsalen egin ditu eta etorkizun handiko jokalaria da. Dizek azaldu du Imanol Arregiren aginduetara jartzeko gogotsu dagoela. “Osasuna Magnaren filosofia betidanik gustukoa izan dut eta oso pozik nago, aurre denboraldia hasteko gogoekin. Hurrengo denboraldian nire taldearen alde dena emango dut” adierazi du.

Eta bigarren fitxaketa egin du talde berdeak: Jaen Paraíso Interior taldeko Javier García Moreno “Chino”. 26 urteko jokalariak adierazi du bere intentzioa Jaenen geratzea zela, eta alde horretatik penatuta dagoela, baina bi aldeak ez direla adostasunera heldu eta, horrela, bi urtetarako kontratua sinatu duela Osasuna Magna Xotarekin. “Indar eta ilusio askorekin nago, hazten jarraitzeko; izan ere, hori da nahi dudana”. Osasuna “familia kluba” delako hautatu du, beste eskaintzen gainetik. “Gustuko dut, klub historikoa da, plantilla ona du eta uste dut hazten jarraituko dudala” nabarmendu zuen.

Alvarito Segoviara, utzita
Bestalde, Osasuna Magnako Alvarito jokalariak Naturpellet Segovia taldean jokatuko du datorren denboraldian, utzita. Imanol Arregiren ustetan jokalari madrildarrak hobetzeko alde handia du oraindik, eta, horregatik, kontratua beste urtebetez berritu diote eta Segoviako bere ibilbidea eta progresioa adi adi jarraituko dute. Alvarito, bestalde, kontentu dago Segovian jokatzeko aukera gehiago izango duelako.