Martelek eta Usinek Osasuna Magnarekin berritu dute

Guaixe 2018ko eka. 6a, 13:12

Talde berdeak 2018/2019 denboraldirako indartzen segitzen du

Asier, Roberto Martil, Bynho, Edu, Llamas eta Eric Martelen kontratuak berritu eta gero, Osasuna Magnak kontratua berritu dio Rafa Usin jokalariari. Jokalari madrildarra ezinbestekoetako bat da Imanol Arregirendako eta, horregatik, bi aldeak pozik daude kontratu luzapena egin dutelako.

Denboraldi bikaina egin du Rafa Usinek. 23 gol sartu ditu, lehen mailako golegileen zerrendan bosgarrena da eta Osasuna Magnarendako jokalari klabea. Aurten orain arteko denboraldirik onena egin du talde berdeak eta helburu hori lortzen ezinbestekoetako bat izan da Usin. “Barrenak agintzen zidan taldean jarraitzea, ardura morala nuen, eta pozten nau taldeak proiektu sendo bat sortzeko zimenduak jartzen jarraitzen duelako. Aurtengoa urte ona izan da baina zorte falta izan dugu denboraldia borobiltzeko, baina hurrengo denboraldian bertan izango gara, borrokan, betiko moduan” azaldu zuen Rafa Usinek.

2018/2019 denboraldiko abonuen berritze kanpaina martxan
Osasuna Magna Xotak martxan du 2018/2019 denboraldirako abonuen berritze kanpaina. Aurretik abonatuak zirenak denboraldi berrirako txartelak jaso ditzakete Iruñeko bulegoan (Ermitagaña kalea, 11) edo Irurtzungo bulegoan (Lizarra kalea, 5), 12:00etatik 14:00etara. Prezioetan ez dago aldaketa nabarmenik: familia abonua 100 eurokoa da, helduena 50 eurokoa, gazteena 35 eurokoa, 7 urtetik beherakoena 7 eurokoa eta langabetuena 40 eurokoa.