Xota Osasunak Espainiako azken fasea jokatuko du

Guaixe 2018ko eka. 19a, 14:53

Asteburuan Irurtzunen jokatutako lurralde-faseko finala irabazi dute irurtzundarrek eta ekainaren 29an Bartzelonako azken fasean arituko dira

Espainiako Areto Futboleko Kadete mailako Txapelketako lurralde-faseko finalak jokatu dira asteburuan. Irurtzunek, esaterako, iparraldeko lurralde-faseko finala hartu zuen. Bertan lehiatu ziren, asteburuan, Xota Osasuna, Zierbena, Cantabriako Mioño, Galizako Cios Vigo eta Aragoiko Pirineos taldeak. Ligaxka sisteman jokatu zen lurralde-faseko iparraldeko final hau, eta talde guztiak elkarren kontra lehiatu ziren ostiralean, larunbatean eta igandean Irurtzungo kiroldegian jokatutako partidetan.

Etxeko taldeak, Xota Osasunak, txapelketa bikaina egin zuen. Vicente Albizuk zuzendutako taldea ikusgarri aritu zen: Cios Vigori 4 eta 0 irabazi zion, Zierbenari 6 eta 0, Pirineos taldeari 5 eta 3 eta Mioñori 10 eta 2. Horrela, irurtzundarrek lurralde-faseko finala irabazi zuten eta hurrengo asteburuan, ekainaren 29an Bartzelonan jokatuko den txapelketako azken fasean, Espainiako Kadete mailako Txapelketako final handian ariko da. Madrilgo irabazle Inter Movistar, Kataluniako irabazle Barcelona eta Gaztela Mantxako irabazle Toledoko Moprisala izango ditu txapelketako azken fasean.

Finalerdietan, ekainaren 29an, Bartzelonak Inter Movistar izango du aurkari eta Xota Osasunak Moprisala. Bi irabazleek final handia hurrengo egunean jokatuko dute, ekainaren 30ean.