Xota Osasuna finalerdietan erori zen

Guaixe 2018ko uzt. 4a, 11:59

Kadete mailako Espainiako Areto Futboleko Txapelketako Azken Fasean Moprisala Toledok 6 eta 4 irabazi zion Irurtzungo taldeari

Kadete mailako Xota Osasuna taldea saririk gabe etorri da Bartzelonako Joan Gamper Kirol Hiritik. Xota Osasunak Espainiako Areto Futboleko Kadete mailako Txapelketako lurralde-fasea irabazi zuen ekainaren erdialdean Irurtzunen eta, horrela, pasa den asteburuan txapelketako azken fasean jokatzeko txartela lortu zuen.

Lau talde sailkatu ziren azken faserako: Madrilgo irabazle Inter Movistar, Kataluniako irabazle Barcelona, Gaztela Mantxako irabazle Toledoko Moprisala eta iparraldeko irabazle Xota Osasuna. Finalerdian Toledoko Moprisalaren kontra aritzea egokitu zitzaion Xota Osasunari eta bi taldeak finalerako sailkatzeko gogoekin atera ziren kantxara. Irurtzungo taldekoak ongi ibili ziren lehen zatian, baina ez zuten saririk lortu. Toledokoek, aldiz, zorte gehiago izan zuten kontrako atean. Azkenean, Moprisala Toledok 6 eta 4 irabazi zion Xota Osasunari eta aurrera egin zuen txapelketan. Aldiz, finalerdietan erori zen Irurtzungo taldea.