Kultur Kontseilua izan zen Irurtzungo festei hasiera emateko aukeratutako taldea. Eta haren izenean Patxi Mikeo Ariztimuño kultura eta kirol teknikariak piztu zuen etxajua. Aldamenean izan zituen Kultur Kontseiluko zenbait kide: Nerea Balda, Iñaki Baraibar, Enrique de la Calle, Irati Gonzalez, Juana Urra, Tere Yeregi,
Aurretik euria egin bazuen ere, festen hasierarako atertu egin zuen. Irurtzungo Udalean hiru alderdi politiko daude eta legegintzaldian bakoitzak etxaju bat pizteko ardura izan du. EH Bilduren txanda zen aurtengoa, baina Kultur Kontseiluaren esku utzi zuen aurtengo festen hasierako etxajua zeinek botako zuen erabakitzea. Kontseilua osatzen duten erakundeek maiatza akabera arte hautagaiak proposatzeko eta talde edo pertsonaren merituak azaltzeko aukera izan zuten eta garagartzaroaren hasieran bere burua aukeratzea erabaki zuen.
Irurtzungo Kultur Kontseiluan herriko kolektibo, elkarte, udal ordezkariek eta nahi duten irurtzundarrek parte hartzen dute. Kontseiluaren egitekoa da Irurtzunen urtean zehar egiten diren kultura eta aisialdi jarduerak koordinatzea da, festak barne. “ kolektiboen bitartez, irurtzundarrek herriko kulturaren garapenean duten parte hartzea funtsezkoa eta ezinbestekoa izan da eta da”, azaldu dute Kultura Kontseiluko kideek. Erakundea 1997tik ari da lanean. Aurretik, 1989tik, Kultura Koordinakundea izena zuen.
Festen programako azala aukeratzeko kartel lehiaketa antolatu zuen udalak eta hura Daniela Ines Alonso Giordanak irabazi zuen. Beste bi maila zituen lehiaketak. 5 eta 10 urte bitartekoena June Idareta Morenok irabazi zuen eta 11 eta 14 urtekoena, berriz, Olaia Caballero Dorronsorok.
Kultur Kontseilua osaera
Gaur egun 17 kide ditu. Alkatetzako taldeko kide bat da presidentea. Udalean ordezkaritza duten alderdi bakoitzeko kide bat dago. Gainera, beste kide hauek ditu: Aizpean Irurtzungo euskaltzaleen topagunea, Atakondoa eskola publikoko guraso elkartea, Erga-Larreak eta Iratxo elkarteak, Guan elkartea, Irurtzungo erraldoien eta buruhandien konpartsa, Irurtzungo Gazte Asanblada, Irurtzungo musika eskola, Larrazpi gazte elkartea, Orritz dantza taldea, Pikuxar euskal txokoa eta San Martin jubilatu elkartea.