Irurtzungo festetan bere lekutxoa egiten ari da erremontea eta aurten ere hala izango da. Horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen Erremonte Txapelketako partida bat hartuko du Irurtzunek, bihar, ostiralean, 19:00etatik aurrera, Irurtzungo kiroldegian.
Eskuz binakako partida batek zabalduko du jaialdia. Irurtzun klubeko pilotariak lanean ikusiko ditugu. Ongayk eta Azanzak Ollo eta Bergera izanen dituzte aurkari. Eta ondoren, Nafarroako Foru Komunitatearen Erremonte Txapelketako final laurdenetako partida jokatuko dute Utergak eta Etxeberria III.ak, Urtasunen eta Barrenetxea IV.aren kontra. 35 tantora jokatuko dute eta onenek txapelketan jarraitzeko aurrerapauso sendoa egingo dute.
Pilota gehiago
Erremonte jaialdia zabalduko duen pilota partidaz gain, Irurtzungo festetan larunbatean, 18:30ean, afizionatuen mailako pilota txapelketako partidak jokatuko dira.
Eskorga igoera
Irurtzungo festetan eliza eta Kultur Etxea bitarteko aldapa gogorretan jokatzen den eskorga kronoigoerak ez du huts eginen. Larunbatean jokatuko da, 18:00etan.