Sakanako Mankomunitateak Construcciones Arroyo Esarte SL eta Lakita SA enpresei eman die Iribas eta Irurtzun arteko ur sare nagusiko zati batzuen konponketa. Aurrenak 93.506,14 euro jasoko ditu lanen truke eta bigarrenak, berriz, 374.024,55 euro. Lanek, guztira, 467.530,69 euroko kostua izanen dute (BEZ kanpo). Bi enpresak pasa den astean hasi ziren Iribasko iturburuaren eta Irurtzungo ur-biltegiaren artean dagoen hoditeriaren hainbat zati berritzen. Horretarako, besteak beste, lurra egonkortu, zulatu, lurrak mugitu, eta ur edangarriarendako eta hondakin-uretarako hoditeriak jarri beharko dituzte.
Ibarreko erakundeko buru David Oroz Alonsok esan digunez, “lanek irauten duten bitartean Irurtzungo ur hornidura bermatuta egonen da. Iribasko iturburutik Urritzako estaziora zuzenean punpatuko da ura eta horrek emaria bermatuko du”. Orozek esan digunez, “eguraldiaren arabera, lanek hilabete eta erdi edo bi hilabete iraunen dute”.
Berrituko diren tarteak
Iribas eta San Migeltxo artean hoditeriaren hiru zati berrituko dira. Guztira 4.671,12 metro hodi aldatuko dira. Aurreneko zatian 954,85 metroko luzera, Iribasko iturburutik NA-7500 errepidera. Bigarrena Mugiroko bigarren eta hirugarren tunelen artean dago, Plazaolako bide berdearen plataforma gainean, 1.198,13 metro ordezkatuko dira. Ez da posible izanen hodia hirugarren tunelaren barrualdean berritzea, tunela bera erori egin delako eta bide berdearen ibilbidea bera ere eten duelako. Berrituko den azken tartea Mugiroko hirugarren tunelaren eta San Migeltxoren artekoa da. Hori ere Plazaolako bide berdearen gainean eta 2.518,14 metroko zatia aldatuko da.