Udazkeneko festen zain

Guaixe 2018ko uzt. 23a, 14:50

Asteburuan irurtzundarren festa gogoekin bat egin dute bisitariek. Ostiralean Erga Larreak elkarteak antolatutako kalderete lehiaketaren 23. edizioa jokatu zen. 14 lapikotako edukiak neurtu ziren, hiru koadrilak ez baitzuten 14:00etarako despeditu sukaldeko lana. Pili Juangok, Martixu Santanderrek eta Ana Yepesek osatu zuten epaimahaia eta euren iritziz Los Mariachi koadrilak prestatutako kalderetea izan zen onena. Txerrikumea eta botila bat ardo eskuratu zituzten. Las Caretas koadrila izan zen bigarrena (bi untxi eta botila bat ardo) eta podiuma Raras y tan felices koadrillarendako izan zen (gazta eta bi ardo botila). Kaldereteak gero herri bazkarian jan zituzten koadrillek eta plazako estalpean 190 bat pertsona elkartu ziren.  

Pikuxarrek antolatutako eskorga txapelketa larunbatean jokatu zen. Bi proba jokatu ziren. Alde batetik, ginkana baten moduan hainbat proba dituen Gernika plazaren eta Kultur etxearen artean joan-etorria. Eta, bestetik, Pikuxar berria hartuko duen egoitzatik kultur etxera arteko lasterketa. Parte-hartzaileen artean ETB 2ko El conquistador del fin del mundo saioko lau bikote zeuden. Saioan parte hartu zuen Irunberriko Airora Armendariz Huerta hainbat irurtzundarren laguna da eta hala iritsi ziren telebistako saiokoak Irurtzunera. Haiekin batera joan den urtean senidetutako Laas herriko ordezkariak ere izan ziren, Pantxoa Zazpiturre buru zutela (irurtzundarren bi talde agorrilaren 25ean bueltatuko diete bisita). Aurreneko proba Javier Larraiozek eta Xabier Agustinok irabazi zuten. Bigarrena, berriz, Odei Gilek eta Eñaur Armendarizek eskuratu zuten.

Festen azken egunean San Martinak arte agurtu zen Irurtzungo erraldoien eta buruhandien konpartsa. Ejea de los Caballerosko konpartsaren laguntzaz egin zuen.

Argazkiak: Pikuxar euskal txokoa