Tratu txarren salaketa artxibatuta

Guaixe 2018ko uzt. 25a, 12:59
Foruzaingoaren Altsasuko polizia-etxea.

Joan den urteko martxoaren 16an web orri honetan Foruzaingoak zabaldutako albistearen berri eman genuen. Haren arabera gizon irurtzundar bat atxilotu zuten emazteari ustez tratu txarrak emateagatik. Foruzaingoaren oharraren arabera “emakumeak jakinarazi zien, urtetan tratu txar psikiko eta fisikoak sufritu” zituela. Poliziatik emakumezkoak hainbat tokitan ubeldurak zituela gaztigatu zuten ere.  

Auzibidea despedituta, gizon irurtzundarra www.guaixe.eus-ekin harremanetan jarri da eta jakinarazi digu salaketa artxibatu duela Iruñeko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko 1. epaitegiak. Aldi berean, gizonak jakinarazi digu Nafarroako Arartekoarengana jo zuela, Foruzaingoak zabaldutako prentsa oharragatik kexu. Izan ere, ohar horretan jakinarazten zen gizonezkoak antzeko gertakariengatik aurrekariak zituela. Irurtzundarrak ziurtatu du hori gezurra dela. Arartekoak bere kexua onartu du eta, horrekin batera, Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuari oroitarazi dio “bere legezko eginkizuna egiazko informazioa ematea dela, jakinarazten duen gaiaren baldintzei proportzionala”. Poliziak hitzez bere hanka sartzea bitan aitortu diola jakinarazi digu irurtzundarrak.