Aixita Pop Fundationen atzean Oskar Alonso irurtzundarra dago. Hainbat taldetan aritu ondoren, haren etxean musika egiten hasi zen. Helburua musika egitea zen. Eski lasterketa bateko dokumentalaren musika egitea eskatu zioten, eta hor sortu zen Aixita Pop Fundation, "horrela, kasualitatez". Pikuxar elkarte berria bultzatzeko abestia etorri zen gero, Pikuberri izenarekin. Nerea Baldak egin zuen Pikuberri abestiaren letra. Diskoa kaleratu berri du, Irurtzungo Pikuxar tabernaren barran eros daitekeena, eta talde-entseguak egiten hasi dira ere.
"Aixita Pop diskoaren atzean ni bakarrik nago". Mezklak eta masterra egiteko Galiziako lagun baten laguntza izan du, baina beste guztia Oskar Alonsok etxean egin du, baita letrak ere. "Betidanik musika taldeetan egon naiz. Talde batean baxua jotzen, bestean gitarra, bateria... Baina iritsi zen momentu bat ez non ez neukan denborarik talde batean egoteko". Baina Alonso "musika ez uzteko" etxean musika egiten hasi zen. "Helburua musika egitea da, etortzen dena ikusiko da". Orain Aixita Pop taldea osatu eta bost lagunekin elkartzen hasi da Alonso eta lokal batean entseatzen dute etorkizunean kontzertuak emateko.
Melodiak dira Aixita Pop Fundation-en bereizgarririk nabarmenenak, Alonsoren hitzetan. "Estribilloak gogoraerrazak dira eta laster abestera eramaten dute". Pop-rock estilotik gertu dabil Foo fighters, Queen off the stone age eta bestelako talde ospetsuengandik inspirazioa hartzen.
Aixita Pop Foundationek diskoa Irurtzungo festetan kaleratu du Pikurekord-en eskutik: "Pikuxar berriaren beste proiektu bat da. Momentuz garatu gabe dago". Momentuz Aixita Fundation Pop diskoa grabatu dute, baina "kultur jarduera gehiago" egitea da haien nahia.
"Etxean musika sortzen hasi nintzenean, hasi ziren Pikuberri proiektuarekin ere. Beraz, abesti bat sortzea polita izango litzatekeela iruditu zitzaidan". Bideoklipa grabatu zuten ere: "bazkideen selfiez osatuta dago". Diskoaren irabazi guztiak Pikuberri euskal txoko berria egiteko izanen dira. Diskoa zazpi abestiz osatua dago eta Pikuberri abestia sartuta dago, Pikuxarren proiektu berria bultzatzeko sortu zuen abestia. Alonso Pikuxar proiektuan dago eta Pikuxarren helburu nagusia euskara bultzatzea dela azaldu du: "txikitatik dakit euskara, baina ez erabiltzeak ahaztera eraman nau. Horregatik Pixkuxar proiektua oso garrantzitsua iruditzen zait".