2018/2019ko Areto Futboleko Lehen Mailako liga irailaren 15ean hasiko da. Osasuna Magna Xotak etxean jokatuko du, Anaitasunan Peñiscolaren aurka. Ligarako behar bezala prestatzeko geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari da aurre-denboraldia, eta talde berdeak zehaztu ditu liga aurretik jokatuko dituen lagunarteko partidak. Gutxienez 6 izango dira, eta Nafarroako Kopako finalerdia irabaziz gero, fina jokatuko balu, guztira 7.
Aurre-denboraldiko partidak
Honakoak dira Osasuna Magnak aurre-denboraldian jokatuko dituen partidak: abuztuaren 18an talde berdeak Atletico Benavente hartuko du Anaitasunan, abuztuaren 21ean Peñiscola taldearen kontra ariko da Peñiscolan, eta abuztuaren 25ean Naturpellet Segovia izango du aurkari Anaitasunan. Abuztuaren 30ean, Nafarroako Kopako finalerdia jokatuko dute Tafatransek eta Osasuna Magnak Tafallan. Partida irabaziz gero, Nafarroako Kopako final handia irailaren 7an jokatuko luke talde berdeak Altsasun, Aspil Vidal Ribera de Navarra edo San Juan taldearen kontra. Aurre-denboraldiarekin jarraituz, irailaren 1ean Movistar Inter oilarra izango du arerio Osasuna Magnak Torrejonen, eta, bukatzeko, irailaren 4an Imanol Arregiren taldeak Pñeiscola Rehabmedic hartuko du Anaitasunan.
Daniel Lopez fitxatu dute
Denboraldi berrirako prestatzen jarraitzen du Imanol Arregiren taldeak. Gogoratu beharra dago Eseverri erretiratu egin dela, Rafa Usinek, Eric Martelek, Edu Sousak, Alex Llamasek eta Bynhok Osasuna Magnarekin kontratua berritu dutela, Roberto Martilek, Asier Llamasek eta Dani Saldisek taldean jarraituko dutela, Alvaritok eta Pedrinhok Naturpellet Segovian utzita jokatuko dutela eta orain arte talde berdeak Chino, Juninho eta Alex Diz fitxatu dituela. Bada, beste fitxaketa bat egin du Tatono Arregik gidatzen duen taldeak: Daniel Lopez jokalaria fitxatu dute, “Dani Zurdo” ezizenez ezaguna den Jaengo 18 urteko jokalaria, aurreko denboraldian 2. B mailako Baeza taldean aritu zena. Imanol Arregik hegaleko jokalari gaztea gustuko du eta bere progresioa jarraituko du. Horretarako, mailaz jaitsi den Santiago Futsalen jokatuko du Daniel Lopezek, Osasuna Magnak utzita.
Hummel etxeak jantziko du Osasuna Magna
Orain arteko bere ibilbide guztian, eta badira 20 urte, Lotto etxeak jantzi du Osasuna Magna Xota. Baina Osasuna klubak Hummel etxe daniarrarekin lortutako akordioa dela medio, Hummel izango da Osasuna Magna jantziko duen etxe berria.