Magna Osasuna Nafarroako Kopako txapelduna hirugarrenez

Guaixe 2018ko ira. 10a, 11:33

Altsasun jokatutako Nafarroako Areto Futboleko Kopako final estu eta ikusgarrian Osasuna Magnak 4 eta 3 irabazi zion Aspil Vidal Ribera de Navarra taldeari, kontrako emaitzari buelta eman eta gero

Ikusgarria. Lehiatua, estua, kalitatezkoa, emozio handikoa eta ederra. Horrelakoa izan zen ostiralean Altsasuko Zelandi kiroldegian jokatutako Nafarroako Areto Futboleko Kopako finala. Areto futboleko lehen mailan aritzen diren Osasuna Magna talde irurtzundarrak eta Aspil Vidal Ribera de Navarra talde tuterarrak jokatu zuten Kopako finala. Bi taldeak bikain ibili ziren, Kopa edonorendako izan ahal zen, baina Osasuna Magnakoek kontrako markagailuari buelta eman zioten eta garaipena lortu zuten; horrela, hirugarren aldiz jarraian Nafarroako Kopa irabazi zuten.

Ikusle asko bildu ziren Zelandi kiroldegian Nafarroako Kopako finalaz gozatzeko asmoz. Izan ere,  lehen mailan aritzen diren taldeak horren gertu ikusteko aukera ez da edonolakoa. Ikusmina handia zen, bi taldeak elkarren kontra jokatzen dutenean bezala, derbiek beti baitute pasio puntu hori. Bi taldeak parez pare ibili ziren eta partida bukaerara arte iraun zuen tentsio horrek, kopa edonork lortu ahal zuelako.

Osasuna Magnakoak atera ziren indar gehiagorekin kantxara. Horrela, Eric Martelek Osasuna Magna aurreratu zuen laugarren minuturako. 14. minutuan arbitroak Aspil Vidal taldeko entrenatzailea, Pato, kanporatu zuen, arbitroen erabaki bati protesta egiteagatik; horrek partidaren erritmoa mantsotu zuen. Atsedenaldiaren ondoren bi taldeek aukera nabarmenak izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu. 31. minutuan, azkenik, Aspil Vidalek berdintzea lortu zuen Pazosek sartutako gol bati esker eta handik bi minutura bigarrena sartu zuen Pazosek, berdeen defentsaren gaizki ulertu bati esker. Penalti bikoitza alde izan zuen Aspil Vidalek, baina zorionez Asierrek Pazosen jaurtiketa geratu zuen. Tripodik egindako jaurtiketa geratu zuen, baina aldaratzea Tripoderen oinetara joan zen eta orduan Aspil Vidalekoak ez zuen huts egin. Finala bukatzeko 7 minuturen faltan 1 eta 3 galtzen zuen Magna Osasunak.

Imanol Arregiren gizonek partidari buelta ematen jakin zuten. Dani Saldisek bigarren gola sartu zuen, eta partida irabaztea, hori zuten buruan jokalari berde guztiek. Rafa Usinek jaurtikitako penalti bat gelditi ziem Gusek 3 minuturen faltan, baina Saldiseren errematea ezin izan zuen gelditu eta hirura berdindu zuen Osasuna Magnak. Horrela, berdinketa hausteko luzapena jokatzeari ekin zioten bi taldeek. Bihotzekoa emateko moduko bukaeran berdeek erasoan jarraitu zuten eta laugarrena sartu zuen Rafa Usinek. Aspil Vidalek atezain-jokalari formula erabili zuen baina, azkenean, 4 eta 3 gailendu zen Osasuna Magna eta Nafarroako Kopa lortu zuen.

Asteburuan hasiko da liga
Lehen mailako Areto Futboleko 2018/1019 Liga asteburuan hasiko da. Osasuna Magnak etxean hasiko du denboraldia eta ostiralean Peñiscola Rehabmedic taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean.