Hiru irurtzundar Osasuna Magnan

Guaixe 2018ko ira. 12a, 10:07

Asteartean aurkeztu zen 2018/2019 denboraldiko Osasuna Magna Xota taldea. Liga ostiralean hasiko da eta berdeek Peñiscola hartuko dute Anaitasunan, 20:30ean

Osasuna Magna Xotak 2018/2019 taldearen aurkezpena egin zuen asteartean Civicán aretoan. Jokalariez eta teknikariez gain, Xotako presidente Tatono Arregi, Nafar Kirol Institutuko zuzendari Ruben Goñi eta Nafarroako Futbol Federazioko kudeatzaile Roberto Rubio egon ziren, administrazioko beste hainbat ordezkarirekin batera. Osasuna Magna Xota taldearen balore sendoak azpimarratu zituzten guztiek.

Imanol Arregi entrenatzaileak nabarmendu zuen hastear dagoen denboraldia konplikatuagoa izango dela, hainbat talderen lehiakortasunak gora egin duelako. Taldearen helburu nagusiak Espainiako Koparako sailkatzea eta ligan ahalik eta gorenean sailkatzea da, ligako tituluko Play-Offak jokatu ahal izateko. “Ilusioarekin gaude, gogoz, beti bezala. Geneukan aurrekontuarekin izan ahal dugun talderik onena dugu. Gustatuko litzaidake jokalariren bat gehiago izatea, baina pozik nago” nabarmendu zuen entrenatzaile irurtzundarrak.

Osasuna Magna Xotak hiru jokalari berri izanen ditu aurten –Chino, Alex Diz eta Juninho– eta baja nabarmena, orain arteko kapitain Javi Eseverrirena. Xotako harrobiko koordinazio lanak egingo ditu orain Otsagiko jokalari ohiak. Roberto Martil jokalari irurtzundarra izango da orain kapitain berria. “Naturaltasunez hartu dut kapitain berri izatearen ardura, nahiz eta ardura handia izan. Javi faltan botatzen dugu, batez ere aldageletan, beti irribartsu zegoelako” aitortu zuen Martilek.

Irurtzundarrak
13 jokalarik osatzen dute Osasuna Magna Xotako plantilla. Horietatik 4 nafarrak dira, Roberto Martil defentsa, Dani Saldise hegala eta Asier Llamas atezain irurtzundarrak eta Iñigo Iribarren hegal-pibot suarbearra. Haiei ondoko jokalariak gehitu behar zaizkie: Edu atezaina; Araça eta Juninho hegalak; Chino eta Martel pibotak; Alex Diz, Alex eta Bynho hegalak; eta Rafa Usin hegal-pibota. Irurtzundarren presentzia, beraz, garrantzitsua da taldean. Ez da ahaztu behar Xota klub irurtzundarra dela. Imanol Arregi entrenatzailea ere irurtzundarra da, gainontzeko teknikari gehienak bezala, klubeko presidente Tatono Arregi barne.

Egun, Osasuna Magnak 2.512 abonatu ditu. Xotako presidente Tatono Arregik Osasunaren babesa eskertu zuen, bi kluben arteko akordioak aurrera jarraitzen duelako. “Zuek gabe hau ezingo litzateke posible izan” aipatu zuen, gainontzeko babesleak ahaztu gabe. Osasunako presidente Luis Sabalzak, bere aldetik, bi kluben arteko harreman ona azpimarratu zuen. “Ez gara haserretu, intentziorik ere ez. Harreman oso ona duen bikotea gara” nabarmendu zuen gorritxoen presidenteak.

Peñiscola, lehen arerioa
Asteburuan hasiko da lehen mailako 2018/2019 denboraldia. Osasuna Magnak Peñiscola hartuko du Anaitasunan, ostiralean, 20:30ean.