Zuntz optikoa iritsi da

Guaixe 2018ko ira. 14a, 09:24

Alkatea Adamo enpresako ordezkariarekin.

Herrian barnako sarea zabaldu da eta industrialdera eramatea aztertzen ari dira.

Interneterako sarbide egoki baten abantailak dira esaterako: sarean itxaron gabe eta etenik gabe ibiltzea, online edukiak unean bertan eta definizio handian ikustea, tamaina handiko artxiboak azkar bidaltzea eta jaistea edo sarean eroso lan egitea. Horiek guztiak zuntz optikoarekin bermatuta gelditu dira Irurtzunen. Izan ere, Onena enpresa nafarrak eta Adamo telekomunikazio enpresa suediarrak, Irurtzungo Udalaren laguntzaz, herrian barna zuntz optikoko sarea jarri dute eta orain hura industrialdera zabaltzea aztertzen ari dira. Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrerak begi onez ikusi du azpiegitura berria ekarri duen eragile pribatuen (Onena eta Adamo) eta publikoen (udala eta Nasertic) arteko akordioa, herrian telekomunikazio azpiegitura garrantzitsua bermatzen duelako.

Adamo landa guneetan zuntz optikoa zabaltzen eta kalitate handiko Internet zerbitzuak eskaintzen enpresa aditua da. 1.000 Mb-eko arteko abiadura eskainiko die enpresak irurtzundarrei. Hain zuzen ere, eskaintza horren berri zuzenean emateko aurkezpena egin zuen telekomunikazio enpresa suediarrak kultur etxean atzo. Eta ordutik zerbitzua kontratatzeko inskripzioak Kate Informatican egin daitezke (lehengo Martxueta liburu-dendan).