Osasuna Magnak puntu banaketarekin hasi du denboraldia

Guaixe 2018ko ira. 17a, 15:18

Lehen maila. 1. jardunaldia: Osasuna Magna Xota 2 – Peñiscola 2

Osasuna Magna zapore gazi gozoarekin geratu zen 2018-2019 denboraldia mustu zuen partida jokatu eta gero. Izan ere, Peñiscolak bina berdindu zuen eta Chinok talde berdeari garaipena eman ahal zion penalti bikoitza huts egin baitzuen partida bukatzeko segundo eskasak geratzen zirenean. Hortaz, puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

Dani Saldisek aurreratu zuen Osasuna Magna hirugarren minuturako. Baina talde berdeari kosta egin zitzaion partidan eroso aritzea eta baloia azkar ateratzea. Imanol Arregik Chino, Alex Diz eta Juninho jokalari berriak atera zituen kantxara eta azken honek, bereziki, partida bikaina egin zuen. Bigarren zatian Juninhok eta Alex Dizek aukera sendoak izan zituzten, baina baloia ez zen Peñiscolaren atean sartu. Aldiz, Peñiscolak bana berdintzea lortu zuen. Juninhok berdeen bigarrena sartu zuen, baina nafarrek ez zuten gailentzea lortzen. Rafa Usinen falta batek Peñiscolaren aldeko penalti bikoitza eragin zuen eta, horrela, bina berdindu zuen Peñiscolak.

Imanolek Alex Diz atezain jokalari jarri zuen eta aukera ederrak izan zituzten jokalari berdeek. Marteli penaltia egin zioten, baina Chinoren penalti jaurtiketak zurtoinean bukatu zuen, Rafa Usinek bigarren txartel horia ikusi zuen eta aldageletako bidea hartu zuen eta partida berdinketarekin bukatu zen, Osasuna Magnaren zaleen penarako.

“Partida hau irabazi ahal genuen eta irabazi beharra genuen” azaldu zuen bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. “1 eta 0 irabazten gindoazenean hobekienen ari ginen jokatzen, baina Peñiscolak berdindu du; hor egon da gakoa” gaineratu zuen.

Larunbatean Jaenen
Lehen mailako liderra Movistar Inter da (3 puntu). Osasuna Magna 9.a da (puntu 1). Asteburuan bigarren jardunaldia jokatuko da. Osasuna Magnak Jaenen jokatuko du, larunbatean, 18:30ean, Jaen taldearen kontra.

Rafa Usin eta Eric Martel selekziora
Espainiako selekzionatzaileak Osasuna Magnako Rafa Usin eta Eric Martel hautatu ditu Espainiako selekzioak irailaren 23 eta 26 bitartean Ceutan jokatuko diren lagunarteko partidak jokatzeko.