Osasuna Magnak opari asko egin zizkion Jaeni

Guaixe 2018ko ira. 24a, 12:10

Lehen Maila. 2. jardunaldia: Jaen Paraiso Interior 6 – Osasuna Magna 3

Osasuna Magnak garaipena zer den jakin gabe jarraitzen du denboraldi honetan. Larunbatean Jaenen kontra aritu ziren Imanol Arregiren mutilak Andaluzian, eta gol sorta ederra jasota itzuli ziren: 6 eta 3 galdu zuten nafarrek.

Jaen berehala aurreratu zen. Osasuna Magnak ez zuen behera egin eta partida oso lehiatua eskaini zuten bi taldeek, baina andaluziarrek gol aukera hobeagoak izan zituzten, eta haiek aprobetxatzen jakin zuten. Horrela 3 eta 0 aurreratu ziren 18. minuturako, baina atsedenaldia baino lehen Rafa Usinek gola sartu zuen eta 3 eta 1-eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Bigarren zatian gogo handiz atera zen Osasuna Magna kantxara, baina Jaen izan zen laugarren gola sartzea lortu zuena. Rafa Usinek bigarrena sartzea lortu zuen eta 4 eta 2 hurbildu zen talde nafarra, baina Jaenek bosgarrena sartu zuen. Rafa Usinek bere hirugarren gola sartu zuen eta 5 eta 3 hurbildu zuen markagailua, baina pozak gutxi iraun zuen, kontraeraso batean seigarrena sartu baitzuen Jaenek. Horrela despeditu zen partida eta 6 eta 3 galdu zuten Imanol Arregiren mutilek.

Hurrena: El Pozo Murcia
Entrenatzaile irurtzundarra ez zegoen batere pozik. “Opari asko egin ditugu eta hori izan da ezberdintasun nagusia. Lehendabiziko lau golak ekitea posiblea zen, gure lau opari izan dira. Horrela ezin daiteke pista konplikatu honetan irabazi eta hori izan da partidaren gakoa” nabarmendu zuen. Barca Lassa da Lehen Mailako liderra (6 puntu). Osasuna Magna 12.a da (puntu 1). Osasuna Magnak etxean jokatuko du 3. jardunaldia, igandean, 13:15ean, sailkapenean bigarrena den El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra. Txipa aldatzera behartuta daude Imanol Arregiren mutilak.