Punteria falta, Osasuna Magnaren gabezia

Guaixe 2018ko urr. 2a, 10:23

Areto futboleko Lehen Maila. 3. jardunaldia: Osasuna Magna 0 – El Pozo Murcia 3

Hiru jardunaldi jokatu dira baina Osasuna Magnak oraindik ez du garaipenik ospatu. Igandean talde berdeak El Pozo Murcia talde ahaltsua hartu zuen Anaitasunan 2.600 zaleren aurrean. Partida hasi baino lehen aurreko urtean erretiroa hartu zuen Javi Eseverri kapitain handia omendu zuten Osasuna Magna Xotak eta El Pozo Murciaren kontra dena ematera atera ziren. Ongi jokatu zuten, baina kontrako atean punteria fina izatea falta izan zitzaien eta horrek kondenatu zuen Imanol Arregiren taldea.

Partida hasieran parez pare ibili ziren Osasuna Magna eta El Pozo Murcia. Talde berdeak hainbat gol aukera izan zituen, baina ez zuten asmatu, El Pozokoen zurtoinak eta beste hainbat akats zirela medio. 10 minutu iraun zuen egoerak, El Pozoko Miguelinek gola sartu arte. Hor hasi zen murtziarren erakustaldia: bikain aritu zen Giustozzik zuzentzen duen taldea. Osasun Magna behin eta berriz saiatu zen, baina atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartu zuen El Pozok eta aldapa gora jarri zitzaion partida talde nafarrari. Bigarren zatian erremontada lortzeko prest atera ziren Imanol Arregiren mutilak, baina El Pozok ez zion aukerarik eman. 27. minutuan hirugarrena sartu zuten El Pozokoek eta horrela despeditu zen partida.

“Partida ona izan da, baina hori markagailuan islatzen ez baduzu, ez da ezer” adierazi zuen Imanol Arregik partida bukaeran. “Gola sartzeko aukera nahikoak izan ditugu, baina ez dugu asmatzen. Bukaeran zehazten ez badugu, ez dugu ezer egiterik. Golik gabe ezin da partidarik irabazi” nabarmendu zuen teknikariak.


Liga hasi zenetik garaipena lortu gabe dabil Osasuna Magna. Liga hasiera nahasia izan dute berdeek, eta talde potoloenen kontra aritzeak ez die lagundu. Barcelona Lassa da liderra (9 puntu, Palma Futsal eta El Pozo Murciarekin puntura berdinduta. Osasuna Magna beheko postuetan dago: 14.a da, puntu batekin. Larunbatean Cartagenaren kontra ariko da talde berdea, 13:15ean, Murtzian jokatuko den partidan. Teledeporte telebista katean jarraitu ahal izango da partida. Ea egoerari buelta eman eta hiru puntuak ekartzeko gai diren Imanol Arregiren mutilak, urduritasuna alde batera uzteko, bederen.