Cartagenako porrotetik altxatu beharrean dago Osasuna Magna

Guaixe 2018ko urr. 8a, 09:21

Lau jardunalditan ez du partidarik irabazi eta egoerari buelta eman beharrean daude Imanol Arregiren mutilak. Ostiralean Palma Futsal liderra hartuko dute Anaitasunan

Burua altxatu ezin jarraitzen du Osasuna Magna Xotak. Larunbatean Cartagenaren kontra aritu zen Murtzian, eta nahiz eta Irurtzungo taldearendako festa ongi hasi, egoerari buelta eman zion Cartagenak eta 9 eta 6 irabazi zion talde berdeari. Ostiralean Palma Futsal hartuko du Osasuna Magnak eta egoerari buelta emateko irabazi beharrean daude Imanol Arregiren mutilak.

Cartagenaren kontrako partidan ongi hasi ziren Osasuna Magna Xotakoak. Lehen minuturako Araçak gola sartu zuen eta 6. minutuan Dani Saldisek bigarrena sartu zuen, gol ikusgarria. Baina Cartagenak bina berdintzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatiko lehen minutuan hirugarren gola sartu zuten murtziarrek, baina hirura berdintzea lortu zuen Rafa Usinek. Eta orduan iritsi zen hondamena. 55 segundoko tartean bi gol sartu zituzten Cartagenako Ekak eta Rahalik. Horrek Osasuna Magnakoen ahuldadeak jarri zituen agerian: bigarren zatiko tarte horretan izan zuten kontzentrazio eskasa, jokoan izandako intentsitate falta, eta, azkenaldian errepikatzen ari dena: kontrako atean punteria falta.

Osasuna Magna saiatu zen, baina Cartagenak seigarrena sartu zuen. Arbitroak Cartagenako Ique aldageletara bidali zuen eta Usinek berdeen laugarrena sartu zuen eta Bateriak ate propioan sartutakoari esker 6 eta 5 gerturatu ziren irurtzundarrak markagailuan. Baina 5 minututan Cartagenak hiru gol sartzeko tartea izan zuen, eta nahiz eta Martilek seigarrena sartu, 9 eta 6 galduta itzuli behar izan zuten nafarrak etxera.

Imanol Arregi entrenatzailea egindako lanarekin oso kritiko azaldu zen. “Horrela jarraituz gero, ez dago ezer egiterik” aipatu zuen irurtzundarrak. Atsedenaldia eta gero izandako jarrera izan zen partidaren gakoa, bere ustetan. “Atsedenaldira irabazten gindoazela joan behar ginen, eta bigarren zatia sekulako esperpentoa izan da: lehen minutuan partida eta lehen zatian egin dugun guztia zaborrara bota dugu, bi baloi galtze eta bi golekin. Gure estrategia oso gaizki defendatu dugu, intentsitate eta kontzentrazio gutxirekin aritu gara, desastre hutsa. 9 gol sartzen badizkigute, horrela ezinezkoa da inori irabaztea” gaineratu zuen, sekulako autokritika eginez.

Palma Futsal liderraren kontra ostiralean etxean
Lehen mailako 4 jardunaldi jokatuta, gauzak ez doaz batere ongi Osasuna Magna Xotarendako. Palma Futsal da lider berria (12 puntu), El Pozo Murciarekin puntutara berdinduta, eta behealdean, 14. postuan dago Osasuna Magna, puntu bakarrarekin. Hortaz, lehenbailehen egoerari buelta ematea  ezinbestekoa da. Ostiralean orain arteko partida guztiak irabazi dituen Palma Futsal hartuko du Osasuna Magna Xotak Anaitasunan, 20:30ean, eta zale guztien babesa ezinbestekoa izango dute Imanol Arregiren mutilek. Ea egoerari buelta ematen dioten, baina Palma Futsal sekulako sasoian dago eta partida konplikatua aurreikusten da.

“Berdeak gara, gorriak gara” proiektua martxan
Aurreko ostegunean “Berdeak gara, gorriak gara” proiektua aurkeztu zuen Magna Osasuna Xotak, kirola eta trebakuntza sustatuko dituen proiektua. Proiektua enpresa nafarrei bideratuta dago, kirola eta aurrerapena sustatzen duen klub baten parte izan nahi duten enpresei zuzendua. Proiektuak alde solidarioa dauka, tartean inklusio sozialeko proiektuak, azoka solidarioa eta elikagai bankua sustatzen baititu, eta, jakina, barnean jasotzen da ere areto futboleko harrobia landuko duen proiektua. Hain zuzen ere azkeneko proiektu hau gidatuko du Javi Eseverri Xotako jokalari ohiak. Aurkezpenean Osasuna Magnako lehendakari Tatono Arregi, Javi Eseverri eta Osasunako presidente Luis Sabalza izan ziren, Osasuna klubak aipatu proiektua lagunduko baitu.