Gizarte-lana osasun arloko lanbide

Guaixe 2018ko urr. 22a, 12:08
Fran Idareta Goldarazena. Argazkia: NUP.

Tesi hori defendatzen du Fran Idareta Goldarazenak bere azken liburuan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako eta Gizarte Laneko irakasle eta ikertzailearen ustez faktore sozialak berebiziko garrantzia du buru-osasunean.

Berriki Fran Idareta Goldarazena irurtzundarrak Trabajo social psiquiátrico. Reivindicación ética de la dimensión social en salud mental (2018, Nau Llibres) liburua argitaratu du. Unibertsitateko ikertzaileak aldarrikatzen du gizarte-lana osasunaren arloko lanbidetzat hartu beharko litzatekeela. Liburuan, gizarte-lanak psikiatriaren arloan dauzkan alderdi historikoak, etikoak eta legezkoak bildu ditu. “Buru-osasuneko zentroetako pazienteak tratatzeko, alderdi biologikoek orain arte izandako pisu bera izan beharko lukete alderdi psikologikoek eta sozialek”, nabarmendu du Idaretak. Bere ustez, psikiatriak “lotura estua du gaixotasun mentala azaltzen den ingurune sozial eta kulturalarekin”.

Ikertzaileak dioenez, “zalantzarik gabe, testuinguru sozialak, ekonomikoak, politikoak, lanekoak eta familiakoak eragin erabakigarria dute jendearen bizitza-ibilbidean. Horregatik, alderdi soziala, teorian ez ezik, praktikan ere hartu beharko genuke kontuan giza subjektua ikertzen denean, edozein dela ere ikerketaren ikuspegia eta arlo profesionala”.

Idaretaren iritziz, buru-osasunaren arloan, “salbuespenak salbuespen, alderdi biologikoa nagusitzen da, eta bazterrean uzten dira alderdi psikologikoa eta, batik bat, alderdi soziala; zenbaitetan, erabat baztertzeraino”. “Esku-hartze sozioterapeutikoari egiaz duen balioa ematen ez badiogu, arduragabekeria handia ekar lezake: prozesu psikoterapeutikoa galbideratu bakarrik ez, praxi okerra ere bultzatzen da diziplina anitzeko taldekideen artean; talde horiek medikuntzako, psikologiako, erizaintzako, terapia okupazionaleko eta gizarte-laneko profesionalek osatzen dituzte batez ere. Hori dela eta, gizarte-lan psikiatrikoak funtsezko zeregina du alderdi sozialak osasun mentalaren arloan duen garrantzia defendatzeko.

Azkenik, Idaretaren esanean, “psikiatria-arretaz arduratzen diren diziplinetako profesionalak ez dira ados jartzen, antza, auzi garrantzitsu honetan; horrenbestez, etikaren autoritatea baliatu behar dugu alderdi sozialari dagokion lekua aldarrikatzeko, hau da, gainerako alderdien leku bera aldarrikatzeko”.

Liburuaz
Argitalpenak funtsezko zenbait alderdi jorratzen ditu, besteak beste, medikuntzaren alderdi soziala eta psikiatrikoa, gizarte-lan psikiatrikoko profesionalen eginkizunak eta horretarako erabil daitezkeen baliabideak eta programak (laguntza ematekoak, bizilekuaren ingurukoak, okupazionalak, soziolaboralak eta gizarte-laguntzakoak). Horretaz aparte, gizarte-lan psikiatrikoaren historia errepasatzen du idazleak sakonki, hau da, XIX. mendetik gaur egunera arteko historia, eta lan horretan eragina duten lege-kontuak eta gai etikoak aipatzen ditu. Liburuaren bukaeran, zenbait eranskin daude: testu hautatuen eta kasu praktikoen sorta eder bat, idazlanaren edukia osatzen eta aberasten duena.

Biografia laburra
Idareta doktorea da Gizarte Lanaren Etikan, eta Gizarte Laneko Kontseiluaren Deontologia Batzordeko burua. Gizarte-langile aritu zen zenbait urtez, eta, gero, NUPeko irakasle eta ikertzaile. NUPen, EFIMEC Zientziaren Etika, Filosofia eta Metodologia ikerketa-taldeko kide da, Maria Jesús Uriz Peman irakaslearen gidaritzapean.

Gizarte Lanaren Etikaren arlokoak dira haren ikerketa-lerro nagusiak: esku-hartze sozialaren dilema etikoak konpontzeko metodologiak; profesionalen portaera etikoa neurtzeko baliabideak sortzea eta baliozkotzea; protokolo eta ikuskaritza etikoak prestatzea; etika batzordeei aholku ematea; esku-hartze sozialari buruzko teoria etikoak; eta gizarte-lanaren etikaren historia.