O Parrulorekin berdindu eta gero, gaur Errege Kopari ekingo dio Osasuna Magnak

Guaixe 2018ko urr. 23a, 13:20

Osasuna Magnakoak Galizian daude. Larunbatean O Parruloren kontra jokatu zuten eta gaur Burelaren kontra lehiatuko dira, Errege Kopako partidan.

Bigarren mailako Burelaren kontra arituko dira, 21:00etan, Burelan. Bestalde, lehen mailako 6. jardunaldian O Parrulo Ferrol taldearekin bina berdindu zuen talde berdeak

Osasuna Magnak larunbatean Galizian jokatu zuen, O Parrulo Ferrol taldearen kontra. Partida hasi eta 15 minutura Chinok Osasuna Magna aurreratu zuen eta atsedenaldira gol bateko errentarekin joan ziren jokalari berdeak. Bigarren zatian, bana berdintzea lortu zuen Lemosek, baina sei minutu beranduago Jesulitok Osasuna Magnaren bigarren gola sartu zuen. Tamalez, bina berdindu zuen O Parrulok eta binako berdinketarekin despeditu zen lehia.

Imanol Arregi entrenatzailea ez zegoen konforme. “Berdinketa ez dut ontzat ematen, irabazi ahal genuela uste dudalako. Beste behin, aurreratu egin gara eta ez dugu errenta hori aprobetxatzen jakin. Markagailuan gehiago merezi izan dugu” aipatu zuen entrenatzaile irurtzundarrak partida bukaeran. Hala ere, talde guztia maila onean aritu zela nabarmendu zuen.

Gaur Errege Kopa, Burelaren kontra
Gaur, asteartean, 21:00etan, Errege Kopako partida jokatuko du Osasuna Magnak Pescados Ruben Burela taldearen kontra. Burela 2. Mailako liderra da eta partida Galizian jokatuko dute, Burelako Vista Alegre pabilioian.

Ostiralean liga, Santa Colomaren kontra
Ligara itzuliz, Lehen Mailako Areto Futboleko liderra Barça Lassa da (15 puntu), El Pozo Murcia eta Palma Futsal taldeekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna 13.a da (5 puntu). Ostiralean Imanol Arregiren taldeak 9 punturekin sailkapenean 7.a den Industrias Santa Coloma hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean.