Osasuna Magnak Errege Kopan aurrera egin du

Guaixe 2018ko urr. 24a, 09:15

Burela taldeari 1 eta 3 irabazi zion talde berdeak

Asteartean Areto Futboleko Errege Kopako final hamaseirenak jokatu ziren. Bigarren mailan dabilen Burela talde galiziarra izan zuen aurkari Osasuna Magnak, eta hasieratik erasora atera ziren Imanol Arregiren mutilak. Seigarren minuturako Eric Martelek talde berdearen lehen gola sartu zuen, baina Renatok berdintzea lortu zuen. Osasuna Magnak ez zuen behera egin eta jokaldi ederrak sortzen jarraitu zuen. Roberto Martilen eta Chinoren golei esker atsedenaldirako 1 eta 3 aurreratu ziren Imanol Arregiren mutilak eta bigarren zatian partidak bere horretan jarraitu zuen, baina ez zen golik egon.

Santa Coloma, hurrena
Burelari 1 eta 3 irabazita, Errege Kopan aurrera egin dute berdeek eta final zortzirenetarako sailkatu dira. Orain, Galiziatik Nafarroara bueltatuta, Lehen Mailako ligako hurrengo partida prestatzen hasi beharko dute Imanol Arregiren mutilek: ostiralean 9 punturekin ligako sailkapenean 7.a den Industrias Santa Coloma hartuko dute Anaitasunan, 20:30ean. Gogoratu Barça Lassa dela liderra (15 puntu), El Pozo Murcia eta Palma Futsal taldeekin puntutara berdinduta, eta Osasuna Magna 13.a dela (5 puntu). Beraz, ostiraleko lehia garrantzitsua da berdeendako, puntuak behar-beharrezkoak baitituzte.