"Euskal musika tristea bada, guk umorea egin dugu horrekin"

Guaixe 2018ko urr. 26a, 13:44

Ez dok hiru 'Akustikoa' antzezlanak Irurtzungo Antzerki Zikloa itxiko du gaur, urriaren 26an, ostirala, 22:00etan

Patxo Telleria Ez dok hiru Akustikoa musikalaren egilea eta aktorea da. Euskal musikaren historiaren begirada umoretsua da Ez dok hiru.

Nola sortu zen Ez dok hiru?
Konpainian umore berezia egiten dugu eta musika eta umorea uztartzea erabaki genuen. Horretarako hiru musikariekin elkartu ginen eta Ez dok hiru sortu zen.

Zergatik da berezia zuen umorea?
Ironia asko erabiltzen dugu. Testuan oinarritutako umorea da. Azalean ez dagoen umorea da.

Euskal musika ez omen da oso umoretsua, bada?
Hori da, hain zuzen, emanaldiaren eszenetako bat. Euskal musika tristea dela esaten da, eta umorea egiteko aukera ematen digu horrek.

Ez dok hiru-rekin bira egin duzue, eta orain akustikoan ari zarete?
Agertoki handien zirkuitu ia osorik egin dugu. Konturatu ginen antzeztoki txikietara iristeko moldatu behar genuela. Ez dok hiru ikuskizunean hiru musikari zeuden, eta akustikoan bat. Hala ere, musikak garrantzia  handia dauka.

Zer nolako pertsonaiak agertzen dira?
Bi musikologo ero gara. Ustez musikan adituak, ustez jakintsuak.

Ikus-entzuleek disfrutatuko dute?
Dudarik gabe. Guk asko disfrutatzen dugu eta hori ikusten dela pentsatu nahi dut. Ez dago ezer txarragorik aktore batek agertokian gaizki pasatzea baino.