Gazte egunarekin festa-giroa Irurtzunen

Guaixe 2018ko urr. 26a, 13:54
Aurreko edizio bbateko kontzertua. Argazkia: IAGA.

Irurtzungo-Arakilgo Gazte Asanbladak Gazte Eguna antolatu du biharko. Ospakizunaren 5. edizioa da antolatutakoa. Egitaraua gaur abiaraziko dute Barazki gunen eginen duten afariarekin. Ondoren kontzertu akustikoa izanen da. Enara Urra irurtzundarra Lucia Zuñigarekin eta Lucia de la Pisarekin batera ariko da kantuan.

Baina egitarau beteagoa biharko dute prest. Arakil aldeko eta Irurtzungo gazteak elkartu eta 13:00etan piztuko dute festa iragartzen duen etxajua. Eta segituan gaita-poteoan ariko dira Barazki Gunean. 14:00etan bazkaltzera eseriko dira eta, handik jaso gabe, bingo musikatuarekin segituko dute. Aterpea utzi eta 3indarrok elektrotxarangarekin kalejiran ariko dira. Musika jaialdiarekin itxiko da egitaraua: Txartoak, Katez eta Trikidantz taldeen kontzertuez dohainik gozatzeko aukera izanen da eta, festa despeditzeko, ErBol dj ariko da.