Osasuna Magnak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen

Guaixe 2018ko urr. 29a, 12:24

Santa Colomari 2 eta 1 irabazi zion talde nafarrak, merezitako garaipena

2018/2019 denboraldiari tamaina hartzea kostatzen ari zaio Osasuna Magnari. Zazpigarren jardunaldira garaipen batekin, bi berdinketarekin eta 3 partida galdurekin iritsi zen Imanol Arregiren taldea eta ostiralean Santa Colomaren kontra jokoan zeuden 3 puntuak lortzera atera ziren jokalari berdeak. Azkenean, merezitako garaipena lortu zuten (2 eta 1).

Punteria falta
Osasuna Magnaren eta Santa Colomaren arteko lehia estua izan zen. Osasuna Magnak dominatu zuen partida, baina, atzera ere, punteria falta izan zen jokalari berdeen gabezia nagusia. Kontrolatua zuten partida istea kosta egin zitzaien Osasuna Magnakoei. Gol aukera nabarmenak sortu zituzten, baina zurtoinak eta beste hainbat faktore zirela, aukera horiek gauzatzea kosta egin zitzaien eta horrek antsietate handia sortu zion taldeari.

Santa Colomaren defentsa sendoa apurtzeko lan izugarria egin behar izan zuten Imanol Arregiren mutilek. Kontraerasoan, eraso ordenatuan eta estrategia jokaldiekin, denetatik probatu zuten berdeek. Azkenean, atsedenaldirako 53 segundoren faltan markagailua mustutzea lortu zuen Rafa Usinek, Martelek ateratako kornerra ezkerrarekin errematatu ondoren. Baina gutxi iraun zuen pozak, Santa Colomako Pol Pachekok berdintzea lortu baitzuen 14 segundo beranduago.

Bigarren zatian gol aukera ederrak sortu zituen talde berdeak hasieratik, eta makina bat saiakera huts egin ondoren, azkenean Araçak taldearen bigarren gola sartzea lortu zuen 34. minutuan. Santa Coloma berdintzen saiatu zen, baina Osasuna Magnako atezain Asierrek geldialdi bikainak egin zituen. Santa Colomak Pol Pacheco atezain-jokalari jarri zuen, baina Osasuna Magnak ongi defendatzen jakin zuen eta, azkenean, 3 puntuak etxean geratu ziren.

“Garaipen justua izan da, baina alde gutxikoa. Gol aukera mordoa izan dugu, baina ez badituzu gauzatzen, sufritzea tokatzen da” azaldu zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. “Kontrako atean asmatzea kostatzen ari zaigu eta puntuak galtzea dakar horrek. Baina taldeak joko ona sortu du, gol aukerak, eta lau partida jarraian daramatzagu galdu gabe” gaineratu zuen Arregik.

Antequera, hurrena
Palma Futsal da lehen mailako areto futboleko ligako lider berria (18 puntu). Osasuna Magna 10. postura igo da, 8 punturekin. Ostiralean Andaluzian jokatuko du Osasuna Magnak, 7 punturekin sailkapenean 12.a den BeSoccer UMA Antequeraren kontra, 20:45ean. Beraz, arerio zuzenen arteko partida bat izango da eta jokoan dauden 3 puntuak urrezkoak dira, beheko postuak atzean uzten hasteko.