Misteriozko Gau beltza gaur Irurtzunen

Guaixe 2018ko urr. 31a, 11:37

Gau beltza edo Arimen gaua Domusainduen egunaren aurreko egunean ospatzen zen Euskal Herrian herrialde angloxajoietan ospatzen den Halloween iritsi aurretik. Irurtzunen ohitura berreskuratuko dute eta gaur Gau beltza ospatuko dute.

Iluntzean, 18:30ean, hasiko dira Gau beltzaren ekimenak, liburutegian. Globalizazioaren eta Hollywood-eko pelikulen ondorioz hedatutako Halloween ospakizuna aurretik, Euskal Herrian bazen Domusainduen egunaren inguruan egiten zen ospakizuna: Gau beltza edo Arimen gaua zen. Heriotzarekin lotutako giroan txantxak egiten zituzten; hortaz, maindireekin edo zaku zaharrekin mozorratzen ziren eta kuiekin eta erbiekin egindako kandelekin herrietan barna ibiltzen ziren. Beldurra eta misterioa nagusi ziren.

Irurtzunen, gaur, urriaren 31n, Gau beltza eginen dute. Izaskun Mujika aktoreak misteriozko ipuinak kontatuko ditu euskaraz. Ekimena iluntzean izanen da, 18:30ean, liburutegian. Ondoren, parte hartzaileak goxoki eske kalera aterako dira garai batean egin bezala: "sosa ala pote", "txingila mingila kurruskario, sagarrak merke eta udareak kario", "ziria ala saria" eta "xanduli, manduli, kikirriki... eman gozokiak guri!".

Pikuxar Euskal Txokoak, Aizpea Irurtzun euskaraz taldeak eta Irurtzungo udalaren kultur kontseiluak antolatu dute jarduera.