Bi udazken gauetako ametsak

Guaixe 2018ko aza. 2a, 11:54
Olatz Zugastiren emanaldia azaroaren 4an izanen da. UTZITAKOA

Irurtzungo 'Folk ametsetan zikloa' izanen da asteburu honetan. Bihar eta etzi, 19:00etan, izanen dira emanaldiak, kultur etxean: De mar en mar taldea eta Olatz Zugasti abeslaria, hurrenez hurren

Folk ametsetan zikloa duela 26 urte antolatzen dute Irurtzunen. Hortaz, oso errotuta dagoen musika zikloa da, eta, beste udazken batez folk musikarekin duten zita errepikatuko dute. Bi talde arituko dira bihar, larunbata, azaroaren 3an, De mar en mar taldearen emanaldia izanen da eta etzi, azaroaren 4an, igandea, Olatz Zugasti abeslaria izanen da. Bi emanaldiak 19:00etan izanen dira, kultur etxean.

Folk musikaren zikloa Baztango eta Irurtzungo udaletako kultur zerbitzuek antolatzen dute. 2016 urtera arte Baztango, Lekunberriko, Irurtzungo, Castejongo eta San Adriango udalek antolatzen zuten Mankumitateko Programak diru-laguntzari esker. Ordutik, Baztanen eta Irurtzunen egiten dute Folk ametsetan musika zikloa. Zirkuitu komertzialetan oso ezagunak ez diren kalitate handiko folk taldeen lana hedatzea eta bultzatzea da zikloaren helburuetako bat, Irurtzungo kultur zerbitzutik azaldu dutenez. Gainera, "topagunerako leku dibertigarri eta atsegina sortzea" ere aurreikusten du zikloak.

Zikloa

Azaroaren 3an hasiko da, beraz, Irurtzungo Folk ametsetan zikloa. De mar en mar taldeak emanen dio hasiera. Itsasarteko doinuak proposatzen ditu flamenkoa oinarri duen taldeak. Haren azken lana, hain zuzen, Mediterraneotik Pazifikora musikak deitzen da eta 2016an kaleratu zuten. Gitarra flamenkoa, laud arabiarra, akordeoia, perkusioa, ney-a eta ahotsa dira musika bidezko bidai trasantlantikoa egiteko erabiltzen dituzten tresnak. Gainera, flamenkoa hainbat musika generoen oinarrian dago. Kulturak batzen dituen proiektua dela diote taldekideek.

Haien errepertorioa osatzeko abesti anonimoen, kantautoreen, herri  musikaren edota folklore musikaren kantak moldatu dituzte taldearen sena mantenduz: kulturartekotasuna musikaren bidez erakutsi. Abestien artean ere pozgarriak edota melankolikoak daude. Blanca Paloma, Wafir Cibril, Vicente Molino eta Victor Muñiz dira taldekideak.

Euskal folk-a

Iganderako, azaroaren 4rako, euskal folk musika izanen da Irutzungo kultur etxeko agertokian. Izan ere, talde euskaldunen kreatibitatea bultzatzea da folk ametsetan zikloaren xedeetako bat ere, "gure kulturaren eta sustraien" islada direlako, Irurtzungo kultur zerbitzuak esan duenez.

Olatz Zugastik Ur goiena Ur barrena lana aurkeztuko du. Zugastiren lan berri hau pertsonalagoa da. Abesti gehienak berak idatzi, konposatu eta moldatu ditu. Herriarekiko sortutako kezkak plazaratzen ditu abestien bidez. Harpa izanen du lagun, eta bikote formatuko emanaldia eskainiko du Irurtzunen. Benito Lertxundiren kontzertuetan harpa, teklatua eta ahotsa jarri izan ohi du urte luzez. Bakarlari bezala ere ibilbide handia egini du.

Zikloaren emanaldi bakoitzaren sarreraren prezioa 5 eurokoa da eta kultur etxean aurretik edo egunean bertan eros daitezke.