Osasuna Magnak puntutxo bat ekarri zuen Antequeratik

Guaixe 2018ko aza. 5a, 16:17

Lehen Maila. 8. jardunaldia: Antequera 3 – Osasuna Magna 3

Osasuna Magna Xotak Antequeratik 3 puntuak ekartzea nahi zuen, baina, azkenean, Imanol Arregiren mutilek puntu batekin konformatu behar izan zuten. Antequerakoak ongi hasi ziren eta berehala aurreratu ziren markagailuan. Osasuna Magnakoak saiatu ziren, baina betiko arazoa izan zuten: punteria falta. Horrela, Antequerakoek bigarrena sartzea lortu zuten, baina atsedenaldia baino lehen Bynhok berdeen markagailua mustu zuen.

Bigarren zatian Osasuna Magnak hartu zuen partidaren ardura eta berdeenak izan ziren jokaldi ederrenak. Dani Saldise bina berdintzekotan izan zen, baina gola sartu zutenak Antequerakoak izan ziren: 3 eta 1ekoa ezarri zuten markagailuan. Osasuna Magnak saiatzen jarraitu zuen, Antequerakoen atea presionatzen. Baina baloiak ez zuen kontrako atea gainditzen. 32. minutuan Araça atezain-jokalari jarri zuen Imanol Arregik, eta, azkenean, Dani Saldisek berdeen bigarrena sartu zuen. Partida bukaerara aldera hirura berdintzea lortu zuen Rafa Usinek eta horrela despeditu zen partida.

Imanol, oso kritiko
“Bi puntu galdu ditugu” esan zuen partida amaieran Imanol Arregi entrenatzaileak. “Hainbat akats izan ditugu, eta horregatik sartu dizkigute golak. Ongi jokatu dugu eta gol aukera gehiago eta hobeak izan ditugu, baina ez ditugu gauzatu. Lehen mailan ezin ditugu horrenbeste akats izan, eta Antequerak bere gol aukerei etekin gehiago atera die guk baino” gaineratu zuen entrenatzaileak, oso kritiko.

Hurrena: Zaragoza
Sailkapen orokorrean Palma Futsalek jarraitzen du lider (21 puntu). Osasuna Magna 10.a da (9 puntu). Ostiralean 9 punturekin sailkapenean 10.a den Zaragozaren kontra ariko da Osasuna Magna, 20:45ean, Zaragozan. Puntu berberak dituzte bi taldeek, eta puntuen faltan daude. Hortaz, lehia oso estua izanen da.