Akabo festak

San Martin ospakizunekin despeditu dira Irurtzungo festa guztiak, neguko solstizioaren inguruko festa ziklokoen faltan. Atzo eguraldiak aterruneak eskaini zuen eta azokako 28 postuak Foru plazan jarri ziren. Han izan ziren jendaurrean lanean, besteak beste, Brun anaia forjariak eta Igor Obeso beira lantzen. Azken horrek pitxerrak, arrainak edota bolak egin zituen harrituta begiratzen zion jendearen aurrean. Jendearen azokako joan-etorriekin nahasi zen erraldoi eta buruhandien urteko azken irteera. Plazan bertan dago San Martin jubilatu elkartea eta patroiaren egunean ohi dutenez, bazkaria eta dantzaldia egin zuten. Mahaira 71 pertsona eseri ziren.

Beste bi elkartek ere ekarpena egiten diote festa egitarauari. Erga Larreak elkarteak gozogintza lehiaketa antolatu zuen larunbaterako. 8 postre aurkeztu ziren eta Fermion Idaretak, Miriam Morenok, Jorge Angulok, Ismael Zunzarrenek eta Iker Alegrek osatutako epaimahairen ebazpena hau izan zen: 1. Antonio Ramirez (tiramisu tarta), 2. Ginesa Maestre (betetako fruta kopiloia) eta 3. Miriam Rekalde (esnegain eta krema tututxoak). Iratxo elkartean mus txapelketa azkarra jokatu zen. Txapeldunak Jose Julian Matxain eta Jesus Doari izan ziren, finalean Juan Maestreri eta Patxi Goikoetxeari irabazi ondoren. Kontsolazio finalean, berriz, Unai Razkinek eta Txiki Iriartek Luis Arrasateri eta Maximo Martinezi irabazi zieten. Larrazpi elkarteak musika jaialdia hartu zuen larunbatean.