Osasuna Magnak garaipen garrantzitsua lortu zuen Zaragozan

Guaixe 2018ko aza. 12a, 12:42

Lehen maila. 9. jardunaldia: Zaragoza 0 – Osasuna Magna 2

Areto futboleko Lehen Mailan, 2018-2019 denboraldiari tamaina hartzea izugarri kosta egiten ari zaio Osasuna Magna Xota taldeari. Asteburuan jokatutako 9. jardunaldira 2 partida irabazita, 3 berdinduta eta 3 galduta iritsi zen Irurtzungo taldea, eta, hortaz, Zaragozaren kontrako ostiraleko partidan jokoan zeuden 3 puntuak nola edo ahala irabaztera atera ziren Imanol Arregiren mutilak.

Erritmo bizia izan zuen partidak; bi taldeak, Zaragozak eta Osasuna Magnak, partidaren kontrola lortzeko borrokan hasi ziren. Osasuna Magnak gol aukera ederrak izan zituen, baina Zaragozako Ivan Bernad atezaina primeran ibili zen, berdeen aukera asko zapuztu zituen eta zurtoin gainetik joan ziren beste hainbat baloi. Bitartean, Osasuna Magnako Asier atezainak ere lan ederra egin zuen berdeen atea defendatzen.

Partida bukaerarako lau minutuen faltan, Imanol Arregik Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen eta arriskatzea erabaki zuen Osasuna Magnak, erasora joatea. Horrela, Dani Saldisek lehen gola egitea lortu zuen 37. minutuan. Eta partida bukatzeko minutu baten faltan Rafa Usinek bigarren gola sartu zuen. Txirrina jota, etxetik kanpoko lehen garaipena lortu zuten berdeek, ederki kostata. “Hiru puntuak lortu ditugu, emaitza justua izan da, baina izugarri sufritu dugu” azaldu zuen partida bukaeran Imanol Arregik.

Valdepeñasen kontrako partida solidarioa
Lehen mailako sailkapenean Barcelona Lassa da liderra (23 puntu) eta Osasuna Magna 9. postura igo da (12 puntu). Ostiralean Osasuna Magnak 5 punturekin sailkapenean azken aurrekoa den Viña Alvali Valdepeñas taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Partida solidarioa izango da, txarteldegian jasotako guztia Lacturale esnea erosteko erabiliko baitu klubak, gero Nafarroako Elikagai Bankura eramateko, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean Nafarroako Elikagai Bilketa Erraldoia baita.