Osasuna Magnaren gol festa

Guaixe 2018ko aza. 19a, 12:40

Lehen maila. 10. jardunaldia: Osasuna Magna 7 – Viña Albali Valdepeñas 3

Ostiralean 2.700 ikusle bildu ziren Anaitasunan Osasuna Magna eta Valdepeñasen arteko partida zuzenean jarraitzeko. Zaleen babesa alde zuela, Imanol Arregiren taldeak bikain jokatu zuen eta garaipen potoloa lortu zuen talde berdeak: 7 eta 3.

Osasuna Magna hasieratik atera zen hiru puntuak lortzera. Partidaren jaun eta jabe izan ziren berdeak, eta Chino, Llamas eta Eric Martelek 3 eta 0 aurreratu zuten Osasuna Magna. Valdepeñas saiatu zen eta 3 eta 2 gerturatu zen, baina berdeek ez zuten garaipena arriskuan jarri nahi izan eta bikain erantzun zuten: Araçak, Rafa Usinek (2) eta atzera ere Eric Martelek sartutako golekin 7 eta 3 gailendu ziren.  

Imanol Arregi entrenatzailea bere taldeak lortutako garaipenarekin kontentu zegoen. “Aldearekin irabaztearen beharra genuen” azaldu zuen partida bukaeran.

Aipatzekoa da partidan bildutako dirua Lacturale esnea erostera bideratu zuela klubak, gero esne hori guztia Nafarroako Elikagaien Bankura eramateko, hilabete bukaeran Janari Bilketa Erraldoia izango baita.

Lau egunetan bi arerio: Movistar Inter eta Aspil Ribera Navarra
Gauzak horrela, Osasuna Magna Xotak 6 partida daramatza jarraian galdu gabe. Lehen mailako sailkapenean egun Palma Futsal da liderra (24 puntu) eta Osasuna Magna zortzigarrena da sailkapenean (15 puntu). Talde irurtzundarrak bi hitzordu oso garrantzitsuri ditu aurretik, izan ere lau egunetan bi jardunaldi jokatu beharko ditu: larunbatean, 19:00etan, Movistar Interren kontra ariko da Osasuna Magna, Madrilen, eta asteartean, azaroaren 27an, 20:00etan, derbia jokatuko dute Osasuna Magnak eta Aspil Vidal Ribera de Navarrak Anaitasunan. Bi hitzordu konplikatu dira Imanol Arregiren mutilendako, ligako oilarretako bat baita Inter, Tuterako Aspil Vidal Ribera de Navarra taldearen kontrako derbiak oso lehiatuak direlako beti.