Irurtzunera ere iritsi da Euskaraldia eta igandean hari ongi etorria egiteko ekitaldia izan zen. Eguerdi partean txistulariek, trikitilariek, gaitariek eta galtzagorriek alaitutako kalejira egin zuten herrian barna. Harekin Euskaraldian izena emandako guztiei plazara biltzeko deia egin zieten. Behin guztiak plazan elkartuta izena eman duten irurtzundarrek eta arakildarrek euren Ahobizi edo Belarriprest txapak jaso zituzten. Aukera izena emateko baliatu zuenik ere izan zen. Ekitaldia galtzagorrien Ahoak bizi, belarriak prest dantzarekin osatu zen. Euskaraldian parte hartuko duten guztien talde argazkiarekin despeditu zen ongi etorri festa. Oraindik ere www.euskaraldia.eus web orriaren bidez izena emateko aukera dago. Hala egiten duten irurtzundarrek eta arakildarrek txapak Pikuxar tabernan jasotzeko aukera dute.