Euskal Herriko dantzak eta Gaztelako jotak Irurtzunen

Guaixe 2018ko aza. 23a, 09:58
Orritz dantza taldea Nazioarteko Folklore Jaialdian. UTZITAKOA

Udazkeneko dantza jaialdia ospatuko du Orritz dantza taldeak bihar. Sietemancas Valladolideko taldea da gonbidatua

"Azken urteetako ohiturari jarraituz" Orritz dantza taldeak Udazkeneko jaialdia antolatu du bihar. Sietemancas taldearekin senidetza indartuko dute biharko ospakizunean. Sietemancas Simancako, Valladolid, dantza talde bat da eta bi taldeen arteko senidetza "duela hainbat hilabete" sortu zen Orritz dantza taldea Simancako XXXIV. Nazioarteko Folklore jaialdira joan zirenean, Oskia Ollakarizketa Orritz taldeko kideak azaldu duenez.

Bihar goizean iritsiko dira simancarrak Irurtzunera, eta arratsaldean bi taldeak kalejiran aterako dira "eguraldiak laguntzen badu". Ondoren, frontoian, dantza jaialdia izanen da. Orritz dantza taldeak Euskal Herriko dantzak eskainiko ditu eta Sietemancas taldeak hainbat jota eta makil-dantza eginen ditu gaita doinuez lagunduta. Bi taldeetako kideak afarian bilduko dira Pikuxar elkartean. "50 bat pertsona egonen gara dantzari eta musikarien artean".