Madrilen sorpresa eman eta irabazi ondoren bihar derbia jokatuko du Osasuna Magnak Aspil Vidalen kontra

Guaixe 2018ko aza. 26a, 13:25

Larunbatean Inter Movistarri 1 eta 2 irabazi zion Osasuna Magna Xotak eta bihar, asteartean, Aspil Vidal Ribera de Navarra taldea hartuko du Anaitasunan, 20:00etan (Teledeporte)

Osasuna Magnak oso garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Madrilen. Imanol Arregiren taldeak Madrilen jokatu zuen, Movistar Inter taldearen kontra. Lehen mailako ligako oilarretako bat da Movistar, partida irabazteko faborito argia, baina Osasuna Magnak sorpresa eman zuen eta jokoan zeuden 3 puntuak etxera ekarri zituen, Madrilgo talde ahaltsuari 1 eta 2 irabazi eta gero.

Osasuna Magna eta Movistar Inter parez pare ibili ziren partidako lehen zatian. Araçak talde nafarra aurreratu zuen bosgarren minutuan, eta hortik aurrera partidaren agintea hartu zuen Imanol Arregiren mutilek. Gol aukera gehiago ere izan zituzten, baina 8 minutu beranduago Movistar Interko Polak berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian Movistar Inter partida irabaztera atera zen eta partidaren kontrola hartu zuten madrildarrek. Osasuna Magnako atea eraso zuten behin eta berriz, baina Asierrek sekulako geldialdiak egin zituen eta bere lanari esker lortu zuten berdeek berdinketari eustea. Partida bukatzeko 3 minuturen faltan Chinok sorpresa eman zuen eta Osasuna Magnaren bigarren gola sartu zuen, garaipenarena.

Imanol Arregi entrenatzailea oso pozik zegoen bere taldeak jokatutako partidarekin. “Garaipen oso garrantzitsua da hau. Halako “pelotazo” bat egitea behar genuen eta lortu dugu. Halako pista konplikatuan eta entitate honetako arerioarekin garaipenak zapore hobeagoa du, baina garaipena lortu dugun moduarekin nago kontentu” azaldu zuen entrenatzaileak. Bere jokalariekiko hitz gozoak izan zituen. “Ausartak izan gara, arerioa estutzera joan gara, kontrako atea bilatu dugu… gu izan gara. Oso partida ona izan da, jokalariak oso solidarioak izan dira. Hemen beste moduan ezin da irabazi” nabarmendu zuen.

Bihar derbia
Liga gaizki hasi eta gero, Osasuna Magnak buelta eman dio egoerari eta zazpi partida jarraian daramatza galdu gabe. Palma Futsal da lehen mailako liderra (25 puntu) eta Osasuna Magna seigarren postura igo da (18 puntu). Bihar, asteartean, 12. jardunaldiko partida jokatuko du Osasunak. Anaitasuna pabilioiak Osasuna Magnaren eta Aspil Vidal Ribera Navarra taldearen arteko derbia hartuko du, 20:00etan. Partida zuzenean ikusi ahal izango da Teledeporte katean. 16 punturekin bederatzigarrena da sailkapenean Tuterako taldea eta, hortaz, sailkapena jokoan dago derbi honetan.